Txirrindularitza

Igor Arrieta, Nafarroako txapelduna Iturmendin

Guaixe 2021ko mai. 17a, 12:00
Igor Arrieta, helmugan. Argazkia: Lizarte.

Lizarteko txirrindulari uharte arakildarrak Iturmendiko Trofeoa irabazi zuen atzo, afizionatuen mailako bere lehen garaipena, aldi berean afizionatuen Nafarroako Errepideko Txapelketa zena

Atzo afizionatuen mailako IX. Iturmendi Trofeoa jokatu zen, aldi berean 23 urtez azpiko eta eliteen mailako Nafarroako Errepide Txapelketa izan zena eta Euskadiko Abiatzen Torneorako baliagarria izan zen lasterketa. Urbasa Txirrindularitza Taldeak antolatu zuen 136 kilometroko lasterketa gorabeheratsua, goizeko 10:00etan abiatu eta tarteka euripean jokatu zena. 

Erasoak bata bestearen atzetik
Izan ere, euriak eta hotzak baldintzatu zuen Iturmendiko proba. Antolakuntzak 22,8 kilometroko zirkuitua prestatu zuen, Iturmendi eta Bakaiku bitartean. Iturmenditik abiatuta, Altsasutik Altamira igo, Olaztitik jaitsi eta handik Bakaikuraino iristen zen, buelta hartu eta Iturmendira heltzeko. Irteera hartu zuten txirrindulariek 6 aldiz osatu behar izan zuten zirkuitua, beraz, Altamira seitan gainditu behar izan zuten afizionatuek. 

Ezaugarri horiekin, lasterketa gorabeheratsua izango zela aurreikusten zen, eta horrela izan zen, hasieratik erasoak etengabekoak izan baitziren. Azkenean, 20 txirrindularik osatutako tropel batek egin zuen aurrera. Igor Arrieta Lizarraga (Lizarte) ez zegoen talde horretan, baina atzetik aurrera egin zuen, eta buruan zegoen tropela harrapatzea lortu eta gero –Lizarteko bere lau taldekide zihoazen bertan– Altamirako azken igoeran erasoa jo zuen. Tropelak uharte arakildarra harrapatu zuen, baina helmugarako 2 kilometroren faltan azken erasoari ekin zion Arrietak, eta sekulako garaipena lortu zuen, bakarrik iritsi baitzen Iturmendiko helmugara, etapa garaipen ederra lortuta (3:16:57). 3 segundora sartu zen tropela, tartean bi txirrindulari sakandar zeudela: Ailetz Lasa Lizarraga ziordiarra (Laboral Kutxa), 10. postuan, eta Jon Gil Velaz lakuntzarra (Lizarte), 12. postuan. Iker Cerviño Pueyo irurtzundarra (Telcom) 56. postuan sailkatu zen, 4:07ra. Lizarte izan zen talderik onena, eta Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Richard Rolandok irabazi zuen mendiko txapelketa. Tartekako helmugen irabazlea, aldiz, Eibar taldeko Telmo Senperena izan zen. 

Herri ondoan irabazteagatik “ilusio handia” 
Aurten Lizarterekin debutatu eta afizionatuen mailan daramatzan hilabete eskasetan, Lizarrako Cirilo Zunzarren Memorialean 3. sailkatu zen, Balentziaga Memorialean 2. izan zen eta Santikutz Klasikoan 3. sailkatu zen. Atzo lortu zuen bere lehen garaipena, Iturmendin, eta Nafarroako afizionatuen 23 urtez azpiko txapelduna dugu Igor. Pozik zegoen uharte arakildarra. “Taldea oso ongi aritu da. Tropel burura iristea lortu dudanean, Lizarteko taldekide guztiek erritmoa bizkortu dugu, lasterketa gogortzeko, eta banekien saiatu beharra nuela. Nire herri ondoan lasterketa hau irabazi izanak ilusio handia ematen dit, eta garaipenaz gozatu nahi dut” nabarmendu zuen uhartearrak helmugan.