Aizkora

Goizeder Beltzaren aukera igandean Lekunberrin

Guaixe 2021ko mai. 20a, 13:30
Goizeder Beltza.

Aizkolari etxarriarrak Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren kanporaketa jokatuko du eguerdian Lekunberriko frontoian. Aurreko asteburuan Iban Resanok ezin izan zuen txapelketan aurrera egin

Igandean, 12:00etatik aurrera, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Sariko 5. kanporaketa jokatuko da Lekunberriko frontoian. Guztira 9 aizkolari lehiatuko dira, tartean Goizeder Beltza etxarriarra. Berarekin batera Hodei Ezpeleta, Elorriaga II.a, Oier Kañamares IV.a, Juanjo Lopez Azpilikueta, Julen Olano, Juan Rodriguez I.a, Jon Rodriguez II.a eta Ibai Soroa lehiatuko dira. Hiru multzotan banatuta, 2 kana-erdiko erdibitu beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta  denbora onena egiten dutenak sailkatuko dira azken fasera. Azken fasean, denbora onena egiten duten lehen hiru aizkolariek egingo dute aurrera Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan. 

Iban Resano txapelketatik kanpo
Aurreko larunbatean Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako 4. kanporaketa hartu zuen Leaburuk eta bertan 9 aizkolari aritu ziren, tartean Iban Resano. Hiru multzotan banatuta, bina kan-erdiko erdibitu behar izan zituzten. Dorrobarraren multzoan David Naredo eta Xuban Kañamares zeuden, eta azken honek egin zituen lanak azkarren (4:05), Naredoren (4:08) eta Resanoren (4:24) aurretik. Horrela, txapelketatik kanpo geratu zen Iban Resano. 4. jardunaldi horretatik Xuban Kañamaresek, Joxean Etxeberriak eta Patxi Mindegiak egin zuten aurrera.