Zuretako zein da Sakanako tokirik politena?

Guaixe 2021ko mai. 25a, 13:58

Txurruku punta eta Sakanako ikuspegia.

Euskaraz dakien edozeinek parte har dezake Sakanako Mintzakideren lehiaketan, tokiari buruzko azalpenak emanez eta tokiaren irudiak erakutsiz. Bideoak edo argazkia eta audioa 600 482 024 telefonora bidali behar da Whatsappez hilaren 31rako.

Parte hartzen dutenen euskara erabilera bulkatzeko, Sakanako Mintzakide programak beti jarduerak antolatzen ditu. Normalean antolatzen zituztenak pandemiarekin ezin egin eta lehiaketa antolatu du Mintzakidek: Zein da Sakanako tokirik polit edo atseginena? Euskaraz dakien edozeinek erantzun dezake galdera. Aitor Irigoien Irigoien Sakanako Mintzakideko arduradunak lehiaketaren nondik norakoak azaldu ditu: “bakoitza bere gustuko toki horretara joan beharko da eta han bertan bideo bat grabatu beharko du, eta, aldi berean, azaldu beharko du zergatik iruditzen zaien hura dela ibarreko tokirik politena. Bestela, argazkia atera eta gero audioa bidali azalpena emanez”. 

Hori egin ondoren Whatsappez Mintzakideren 600 482 024 telefonora bidali beharko da. Irigoienek azaldu duenez, “tokiena subjektiboa da. Ez dugu kontuan hartuko zeinek hitz egin duen hobekien… Saria parte hartzaileen artean zozketatuko dugu”. Mintzakide programako materiala duen kutxa bat izanen da saria. 

Mintzakidez
Sakanako Mankomunitatearen eta AEKren programa da Mintzakide, eta haren helburua da jendeak euskara praktikatzea. “Berdin da euskaldun zaharra edo berria izan, edo aspaldi ikasitakoa eta ahaztuxea duena. Komunikatzeko maila pixka bat behar da. Mintzakide jendearekin elkartzean datza: kafea hartzeko, paseatzeko… Dena delakoa euskaraz praktikatzeko”. Irigoienek gaineratu duenez, “guk jartzen dugun oinarria da astean behin ordu batez elkartzea da. Gero jendea nahi bezala antolatzen da: gehiagotan bildu, askotan ordu hori luzatu, bi astetik behin bildu… ” 

Gaur egun Irurtzunen, Arbizun, Altsasun eta Ziordian daude mintzakide taldeak. “Baina pandemiaren eraginez askoz ere talde gutxiago daude. Jende asko poteatzeko gelditzen da, baina tabernak itxita egotean non elkartu ez zuten. Positiboak hasi zirenean jendea beldurtu egin zen”. Hala ere, Irigoienek gaztigatu duenez, “Mintzakide taldeak sor daitezke urteko edozein momentutan, udako oporretan ezik”. Irigoienek azaldu duenez, Mintzakideko talde batean parte hartzeagatik ez da ezer pagatu behar. “Fitxa bat betetzea eskatzen dugu, zenbat jende dagoen jakiteko eta haiekin harremanetarako bidea izateko”. 

Sakanako Mintzakideko arduradunak aurreratu duenez, garagarrilaren bigarren hamabostaldirako Aralarko santutegira bisita antolatu nahi dute. Arte aditu baten azalpenak entzuteko aukera izanen lukete bisitariek. Data aurrerago jakinaraziko dute. Ikasturtea horrekin despedituko lukete. Hala ere,  “jendean udan libreago dagoenez, beti dago aukera Mintzakiderekin euskara praktikatzeko eta taldeak martxan jartzeko. Beti ere, jendea biltzen bada. Guk gutxienez lau pertsona elkartzea aholkatzen dugu, elkarrizketa on bat izan dezaten. Badaude hiruko taldeak oso ongi aritzen direnak. Azkenean, lagun taldeak balira aritzen dira”. 

Harremanetarako
600 482 024 telefono zenbakia, sakana_mintza@aek.eus e-posta helbidea edo Sakanako Mintzakideak Facebook-eko profila, AEKren Itsasi euskaltegia (Altsasu, Gartzia Ximenez 43, 948 468 258) edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua (948 464 840).