Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzako erregistroetan Nafarroako Trenbide Garraioaren Aldeko Akordioa aurkeztu zuten ostiralean. Akordio bera Araban eta Burgosen aurkeztu zuten, probintzia bakoitzaren errealitatera egokituta. Iruñean akordioa bi erakundeen erregistrora eraman zutenak izan ziren: Manuel Gomez (UGTko garraio-arduraduna), Alberto Torrejon, (CCOOko trenbide-arduraduna), ADIFeko enpresa-batzordeko SFko eta SCFko ordezkari Ernesto Reyes eta Juan Carlos Calleiras, Juan Ramon Ferrandis (CGTren estatuko trenbide-sektoreko arduraduna), Jose Javier Cortezon (SEMAFeko Nafarroako arduraduna) eta Mikel Santamaria (Nafarroa Trenaren alde plataforma).
Akordioaren sinatzaileek Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari eta Nafarroako Gobernuari Nafarroako trenbide garraio-politika birbideratzeko eskatu diote. Hau da, egungo bideak egokitu eta hobetzeko oinarrituz, mota guztietako trenak ibil daitezen. Estatuan horren ereduak badaudela gaztigatu dute. Iñigo Leza Arabako trenaren aldeko plataformako kidea da.
Nondik heldu da akordio hau?
Arabako Lautadako eta Sakanako trenaren aldeko eta AHTren kontrako plataformak lantzen hasi ginen. Gero Arabako eta Nafarroako beste plataformekin adostu genuen. Burgosera zabaldu genuen Arabako zatia Burgos eta Gasteiz artean delako. Aurkeztu arte zortzi hilabeteko lana izan da.
Zer dio akordioak?
Gaur egungo trenbideak berritu edo egokitu daitezkeela. Hori eginda, tren guztiak hortik joan daitezke, bai eskualdeak lotzen dituztenak, bai tren lasterrak ere. Sakanatik egunero pasatzen dira tren laster batzuk. Madriletik Valladolidera 200 km orduko abiaduran pasatzen dira eta hemendik 160ra pasatzen dira. Guri berdin zaigu tren hori gaur egungo trenbideetatik 200era pasatzen bada. Baina esaten dugu Abiadura Handiko Trenerako (AHT) bakarrik den beste trenbide edo korridore bat ez dela egin behar Beriain edo Urbasa magaletik, bargak apurtuz.
Estatuarekin eta Europarekin loturak bermatuta leudeke horrela?
Orain arte “gezur bat” saldu digute: AHTak behar zuela europar trenbide zabalera (1,4 metro trenbideko errailen artean). Hemengo trenbideek iberiar zabalera dutenez (1,6 metro), esaten zuten Europarekin ez geundela konektatuta. Teknologiak aurrera egin du eta bi zabaleretara egokitzen diren trenak badaude. CAFek eta Talgok garatu dute teknologia hori, bogie aldakorrak. Dagoeneko Europarekin konektatuta gaude. Zabalera aldaketa egiteko garbiketa tunelen moduko batzuk behar dira. Halakoak jarri beharko lirateke.
Zein da bi proposamenen arteko ekonomia aldea?
Gaur egungo trenbideari paralelo den beste korridore bat egin nahi dute eta milaka miloi euro gastatu nahi dituzte. Gaur egungo trenbidea egokitzen eta hobetzen bestearen aurrekontuaren %10 edo %20 bakarrik gastatuko genuke. Dirua behar den tokitan gastatu behar da, eta orain gehiago: osasunean, hezkuntzan… Ez gaude dirutzak gastatzeko! Egin nahi dituzten egitasmoak, bukatzen badituzte, 2050 urtean despedituko dituzte. Haiek ere hori ikusten ari dira. Horregatik, akordio honetan tren arloko sindikatu guztiak sartu dira.
Ordezkaritza zabala lortu duzue.
Nafarroaren kasuan tren arloko sindikatu guztiak sartu ziren. Haiekin landu genuen akordioa, teknikoa izatea nahi genuelako. Beti esaten digute gaur egungo trenbideak ez duela balio tren guztiak handik pasatzeko. Sindikatuetatik esan ziguten posible dela tren mota guztiak egungo trenbideetatik pasatzea (eskualdeko trenak, distantzia ertain eta luzekoak, abiadura edo prestazio handikoak eta merkantzia handiak). Aldi berean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak esan zuen Zaragoza eta Teruel artean hobetu eta egokituko dutela tren mota guztiak pasatzeko. Eta gauza bera eginen dute Castejon eta Logroño artean dagoenarekin. Beraz, Logroño eta Castejon artean eginen dutena zergatik ezin dute Nafarroan egin?
Beraz, eskatzen duzuenaren adibideak badaude.
Nafarroan lanak hasi dira. UGTkoek galdetzen ziguten: eta zer egiten dugu orain arte egindako lanekin? Bide berde bat eginen dugu? Lan horiek herrietatik kanpo egin dituzte. Ez ditu herriak konektatzen, Tafalla, Erriberri, Azkoien… Guztiak ibilbidetik kanpo gelditzen dira. Aurreikusten zutenaren %5 gastatu dute bakarrik. Oraindik lanak bertan behera uzteko eta gaur egungo trenbidea hobetzeko momentua da. Eta askoz gutxiago gastatuko genuke.
Ohiko trenbidea baztertu egin dute?
AHTn zentratzen ari dira, horretan ari dira diru guztia gastatzen. Eta eskualdeak konektatzen dituzten trenak bazterrean uzten dituzte. Akordioan hori ere aldarrikatzen dugu. Esaterako, Zaragoza eta Teruel arteko proiekturako beste 14 geltoki aurreikusten dituzte. Lehen zabalik zeuden geltokiak atzera ere martxan jartzea. Esate baterako, trenak berriro Ziordian gelditzea. Guk halako tren geltokiak berriro zabaltzea, trenen maiztasuna handitzea aldarrikatzen dugu ere. Azkenean, autoak errepideetatik atera behar ditugu eta, dagoen tokietan, trena mugitzeko modu egoki bat da.
Dugun trenbidea baldintza onean dago?
Trenbide bakarra dago Nafarroan (Ziordia eta Gipuzkoako muga salbu, bikoitza dena). Baina bere garaian trenbide horren ondoan beste bat jartzeko tokia aurreikusi zuten. Esaterako, Altsasuko tren geralekutik zubira begiratuta, beste trenbide bat sartzeko espazioa ikusten da. Hori aurreikusita dagoenez, ez zen lanik egin beharko, bakarrik trenbideak eta katenaria jarri beharko lirateke. Inbertsio txiki batekin trenbidea ondoan bikoiztu daiteke. Horrela izanda, denbora pila aurreztuko litzateke. Gaur egun trenak elkarri aurreratzeko haietakoren batek Izurdiagako, Uharte Arakilgo edo Etxarri Aranazko tren geltokietan gelditu behar dira. Horrela denbora pila galtzen da eta, ondorioz, bataz besteko abiadurak txikiak dira. eta pixka bat gehiago egokituta mota guztietako trenak pasa litezke eta merkantzia gehiago garraiatu daiteke trenez, bai autoak, bai kamioiak gure errepideetatik ken daitezke.
Hemendik aurrera, zer?
Nafarroako Parlamentuan agerraldia eskatuko dugu, talde politikoei akordioa aurkezteko. Batzuekin dagoeneko zerbait hitz egin dugu. Ez dute gaizki ikusten. Guk uste dugu gizarteak presionatu behar duela. PSN zalantzan dago. Ikusten du gaur egungo obrak pila luzatuko direla eta guk proposatzen duguna urte gutxi batzuetan egin daiteke. Eta, horrela, Nafarroan trenbide moderno edo eraginkor bat izan dezakegu. Tren sozial bat aldarrikatzen dugu, herri guztietan geldituko dena. Hiriburuak bakarrik lotuko ez dituena. Eta prezio egokia duena.
Zertan daude lanak?
Tafalla aldean lanak erritmo motelean ari dira egiten. Horrela urteak eta urteak kostatuko zaizkie. Uste dugu beraiek ere ez daudela oso konbentzituta. Zer egin, impasse horretan daude. Gizarteak eta ezkerreko alderdi politikoek bultzatzen badugu, uste dugu posible dela milaka eta milaka milioi euro horiek ez gastatzea horretan, beste lekuetan baizik. Eta ez izorratzea natura pila bat.