Urbasa-Andiak gazte auzolandegia hartuko du

Guaixe 2021ko mai. 20a, 19:45
Mendizaleak Urbasako mendizelain eta GR ibilbideko seinaleztapena edo balizak.

Nafarroako Gazteria Institutuak antolatu du agorrilaren 1etik 15era. Nafarroan eta estatuan barnako eskaintza zabalago baten parte da auzolandegi hori. Bi asteko egonaldiak dira.  

Nafarroako Gazteria Institutuak gazte boluntarioendako auzolandegiak antolatu ditu udarako. 50 plaza daude eta izen emate ordenaren arabera banatuko dira. Izen emateko epea maiatzaren 22ko gauerdira arte dago zabalik (110 euroko kuota ordaindu behar da). Eskaintzan interesa duenak institutuaren webgunera jo dezake informazio eske. Gazteei zuzendutako eskaintzaren barruan, beste erkidegoetakoak aukeratu ditzakete. Bestela, Nafarroan sei auzolandegi eginen dira: Bargotako monasterioan eta Nafarroako muga gotortuan (frankismoak eraikitako bunkerrak aurkitu eta berreskuratu) bina txanda eta Bertizko eta Urbasa-Andiako natur parkeetan txanda bana. 

Boluntarioen auzolandegietan parte hartzen duten gazteek adin bereko beste toki batzuetako gazteekin harremana egiteko aukera da. Bi astetako elkarbizitza da, alde batetik, komunitatearen intereseko proiektu bati borondatezko lanarekin lagunduz, eta, bestetik, elkarbizitza, jolas eta kultur jarduerak partekatuz. 

Urbasa-Andia 
Nafarroako Gazteria Institutuak Urbasa-Andian antolatu duen gazte auzolandegia 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, 25 plaza ditu, agorrilaren 1etik 15era izanen da eta parte hartzaileen hizkuntza gaztelania izanen da. Altsasuko Otadiko Kristo Deuna Aterpean hartuko dute ostatu. Izena ematen duten gazteek goizetan (09:00etatik 14:00etara) mantentze lanak eginen dituzte, besteak beste: Urbasako mendi bideen sarea seinaleztatzea eta mantentze-lanak egitea, mendiaren banaketa dasokratikoaren seinaleztapena ikuskatzea, txabolen zenbakitzea berritzea, monumentu megalitikoen eta natura-monumentuen seinaleztapena hobetzea eta sutegien mantentze-lan txikiak.

Arratsaldeetan, berriz, animazio taldeak jolas eta aisialdi jarduerak proposatuko ditu, parte-hartzaileek ingurua ezagutu eta astialdiaz goza dezaten. Kirol, kultura eta natura jarduerak izanen dituzten arratsalde eta asteburuetan.