Estereotipoetara ez mugatzeko deia

Guaixe 2021ko mai. 27a, 14:58

Yurena Arizaga Moran lantokian lanean. Argazkia: Izaskun Artigas.

Sakanako enpresek eskatzen dituzten lanpostuak betetzeko ikasketetan ikasle gutxi daude. Lan merkatuaren eskaintza eta enplegagarritasuna kontuan hartuz ikasketak aukeratzean genero joera ezabatzeko deia egin dute Lanbide Heziketa institututik.

“Lanpostu batzuk genero bati lotuagoak daude. Mito hori hautsi egin behar dugu”. Iberica de Suspensiones enpresako giza baliabideetako teknikari Olatz Millan Cuartango. “Estereotipoekin haustera animatzen zaituztegu. Gure buruari ez diogu mugarik jarri behar”. Sonia Perez Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuko irakaslea. “Jende ausarta behar dugu, sozialki markatuta dauden estereotipoak hautsiko dituztenak. Erakuts dezatela edozeinek nahi duena ikasi eta horretan lan egin dezakeela, generoaren arabera bere burua lanpostu batean edo bestean sailkatu beharrik gabe” gaineratu du Millanek. 

Feminizatutako sektore batean, zaintza arloan, Aita Barandiaran adinduen egoitzan lan egiten du Kai Karasatorrek. “Bat gehiago” sentitzen da lantokian. Sakana LH institutuan mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza zikloa ikasitakoa da. “Ez da genero kontua, bakoitzaren izaera da”. Pozik dago lanean, jendea laguntzen. Gizonezkoei ikasketa horiek probatzeko gonbidapena egin die. 

“Emakumezkoak ikasketa hauek egiteko pausoa ematera animatzen ditut. Oso polita da. Erakutsi dezatela lan batek berak ere ez duela generorik”. Azken horiek Yurena Arizaga Moranen hitzak dira, ikastetxe berean, fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa ikasi zuena eta 2014tik hainbat fabrikatan lan egin duena. Arizagak gaineratu duenez, “Sakanako sektore dinamikoena zelako aukeratu nituen ikasketak, eta lan eskaintza gehien zuelako. Sektore maskulinizatua izan arren asko gustatu zitzaidan”. Arizagak gaineratu duenez, “teknologiari eta aurrerapenari esker industriak ez du ahalegin fisiko handirik behar, eta ginonezkoek bezala lan egin dezakegu”. Horiek guztiak ikastetxearendako Izaskun Artigasek egindako bideo batean jasotako lekukotzatako batzuk dira. Gehiago jaso ditu. 

Bi egoera 
Institutuko ikasketa buru eta orientatzaile Mª Jose Oiarbide Izagirrek azaldu duenez, bi egoera sumatu dituzte: “alde batetik, Sakanako enpresa-sareak asko eskatu arren, matrikula txikia duten heziketa-zikloak daude”. Perezek gaineratu duenez, “konturatu gara ziklo teknikoetan gizonezkoak matrikulatzen direla gehien bat eta zaintzari lotutako zikloetan, berriz, emakumezkoak. Gizonezko ile-apaintzaileak, zaintzaileak dauden bezala, emakumezko soldatzaileak, ingeniariak edo mantentze teknikariak egon daitezke”. 

Oiarbidek Sakanan ikasi eta lan egin nahi dutenei “lanbidea aukeratzerakoan genero-joera ezabatzea” gomendatu die. Orientatzaileak nabarmendu duenez, “garrantzitsua da aukeratzen dugun lanbidearen enplegagarritasuna kontuan hartzea eta gure prestakuntza lan egin eta bizi nahi dugun tokiko lan-merkatuaren eskaeretara egokitzea”. Sakanan apirilaren akaberan 1.215 langabe zeuden. Haietatik %56,46 emakumezkoak ziren (686) eta %43,54 gizonezkoak (529). Oiarbidek azaldu duenez, langabeziaren feminizazioaren arrazoietako bat da emakumezkoek egiten duten lanbide aukeraketa. Arlo profesional teknikoetako prestakuntzak emakumeen enplegagarritasuna handituko luke”. 

Migel Anjel Jorgek, Altsasuko enplegu bulegoko arduradunak, azaldu duenez, “kudeatzen ditugun lan eskaintza gehienak prestakuntza eta esperientzia arlo teknikoekin dute zerikusia: ingeniaritzak, mekanizatuak, soldadura…” Jorgek gomendioa eman du: “zer ikasi pentsatzen ari direnek, eta bereziki emakumezkoak, serioski aztertu dezatela gradu edo okupazio teknikoak ikastea”. Eta gogoratu du Lanbide Heziketa ikasten duten ikasleen ia %100 lanean hasten direla. 

“LH institutuak industria eta zerbitzuei zuzendutako prestakuntza eskaintza zabala du. Eskaintzak Sakanako Plan Estrategikoarekin eta ibarreko lan eskaintzarekin bat egiten du. Horregatik, ikasketak despeditzean, ikasleak ikasi dutenean lanean hasten dira” azaldu du Perezek. Gaineratu duenez, “enpresek asko eskatzen duten profileko ziklo batzuetan ikasle gutxi daude. Beraz, haietan ikasten dutenek lan eskaintzak izanen dituzte bukatzean”. 

Enpresatik 
Millanek azaldu duenez, “industrializatuen dauden lanpostuetan lan egiteko emakumezkoak kontratatzeko zailtasunak ditugu. Jasotzen ditugu lan eskaerak, baina ez dute nahikoa kualifikaziorik. Gaur egun ekoizpen prozesuak automatizatuagoak daude eta, horregatik, bestelako prestakuntza behar da”. Millanek argitu duenez, legez, tamaina jakin bateko enpresak berdintasun plana egin behar dute eta horrek emakumezkoak kontratatu beharra dakar. “Emakumezkoak beste lankideei beraien balioa erakusteko betebehar etengabe sentitzen dutenez, lanean oso zehatzak dira”. Enpresetatik berdintasunerantz aurrera egitearen garrantziaz gaztigatu du Millanek. 

Arizagak ikusi du gero eta enpresa gehiagok ematen dietela emakumezkoei lan egiteko aukera. Hala ere, sumatu du oraindik badirela enpresak emakumezko bati kontratu mugagabeak egiteari uko egiten diotenak. Horregatik, enpresetako berdintasun plana bete eta emakumezkoen mugagabeko kontratazio maila handiagoa izatea eskatu du. 

“Sakanaren etorkizuna bermatzeko ibarreko industria langilez hornitzea ezinbestekoa da. Horretarako zer hobea hemen dauzkagun prestakuntza baliabide guztiak erabiltzea baino. Aukera guztiak ditugu bertan ikasi eta lan egiteko”. Odei Arregi Azpitartek, Sakanako Garapen Agentziako industria eta zerbitzu teknikariak esandakoak dira horiek. Gaineratu duenez, “enpresaren lehiakortasuna hobetuko du, bertakoa izanda enpresarekiko beste atxikimendu bat duzulako. Sakanaren garapenerako oso garrantzitsua izanen da, enpresen egonkortasunerako eta jarraikortasunerako garrantzitsua da”. Arregik gaineratu duenez, “aukerak badaude, aprobetxatu, Sakanan bizi eta lan egin daiteke zahartzarora arte”. 

Institutuaren eskaintza


  • Goi mailako zikloak

    Industria Mekatronika.


    Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).
  • Erdi mailako zikloak
    Mantentze-lan elektromekanikoa.

    Soldadura eta galdaragintza.

    Araubide bereziko kirol ikasketak bai mendi ertaina bai eskalada.

    Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).
    Mikroinformatika sistemak eta sareak (euskaraz).
  • Oinarrizko Lanbide Heziketa


    Merkataritza zerbitzuak. 


  • Ziurtagiriak


    Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.
Erlazionatuak