Koronabirusa Sakanan

Adin taldeen txertaketa ixten, eta zabaltzen

Guaixe 2021ko mai. 21a, 14:50

Gizonezkoari txertoa jartzen.

55 eta 59 urte artekoen txertaketa hasi da eta 70 eta 79 urte artekoena ixten ari dira. 1.454 txerto jarri dira aste honetan.

Osasunbideak jakinarazi duenez, Sakanan aste honetako txertaketa gune bakarra Altsasu izan da.   COVID-19 gaitzaren kontrako txertoaren lehen dosia jasotzeko 55 eta 59 urteko 780 altsasuar, olatzagutiar eta ziordiar Burunda frontoitik pasa ziren atzo. Gaur, berriz, 70 eta 79 urte arteko 674 burundar izanen dira txertoaren bigarren dosia jasoko dutenak. Guztiek ere Pfizer etxeko txertoa jaso dute. Bestalde, Osasunbideako arduradunek lehen dosia jaso ez duten 60 urtetik gorako pertsonei dei egin diete Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin harremanetan jarri eta txertaketa eguna lotzeko. Jende larriaren txertaketa itxi nahi baitu Osasunbideak. Horretarako, Osasunbidera mezu elektroniko bat bidali (vacunacion@navarra.es) daiteke, edo 948 370 120 telefonora hots egin.

Elkarteak 
Nafarroako Gobernuak pandemiari eusteko neurrien artean elkarteak ixteko agindua eman zuen lastailaren 13an. Gaurtik aurrera elkarteak %30eko edukierarekin zabaltzeko aukera eman du. Galdetu dugun Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko hainbat elkarteetako zuzendaritza batzordeak egun hauetan biltzekoak dira egoera aztertu eta erabakitzeko elkartea zabaldu edo ez. Edukiera nola kontrolatu eta espazio komunen garbiketa eta desinfekzioa nola egin izanen dira aztergai dituztenetako batzuk. 

Badira beste elkarte batzuk pandemiak eragindako itxialdia hobekuntza lanak egiteko baliatu dituztenak, esate baterako, Lakuntzako Lakuntzako pertza. Lanak oraindik despeditzeko dituzte eta ondoren, beharrezko baimenak eskuratu beharko dituzte atzera ere zabaldu ahal izateko. Bestetik, hainbeste denbora itxita egon ondoren garbialdi handia behar duen elkarterik ere bada. Hura egitean hilabete akaberan edo zabaltzeko asmoa dute, esaterako, Arruazuko Itur Gain elkartea.