Paleta Goma

Nafarroako Emakume Master Cup Txapelketako finalerdiak Ziordian erabaki ziren

Guaixe 2021ko mai. 25a, 12:30

46 palista lehiatu ziren guztira, tartean sakandarrak. Finalerdiak Etxarri Aranatzen jokatuko dira, ekainean

Nafarroako Gobernuak sustatuta, igande arratsaldean Nafarroako Emakumezkoen Master Cup Foru Komunitateko Paleta Goma Txapelketa berritzailea hasi zen, Ziordian jokatutako 1. jardunaldiarekin. Jardunaldia emakumezkoen paleta goma maratoi ederra izan zen. 

Nafarroako Master Cup Foru Komunitateko Paleta Txapelketa guztiz berritzailea da, antolakuntzak lehiaketa sistema berri bat mustu zuelako, triangeluarrak eta lauangeluarrak lehiatuz. Sistema berriari esker, palistek partida ezberdinak jokatu ahal izan zituzten jardunaldi berean aurkari ezberdinen kontra, eta horrek erabat ase zituen parte hartzaileak. 

Segurtasun protokoloak beteaz, giro oso polita izan zen Ziordiko Toki Alai pilotalekuan. 46 palista zeuden izena emanda, eta bakar batek ere ez zuen huts egin, txapelketak piztu zuen interesaren isla. Lehiaketa sistema berriari esker, makina bat partida jokatu ziren, eta Ziordiko 1. kanporaketa horretatik erabaki ziren azken orduko aldaketarik ezean ekainaren 13an Etxarri Aranatzen jokatuko diren finalerdiak. Txapelketako antolatzaileak, Emakume Master Cup-ek partiden maila “orohar, nahiko ona” izan zela nabarmendu du eta kanporaketek aurrera egin ahala “maila igotzen jarraitzea” espero dela, “gero eta pilotari hobeak ariko direlako”. 

Finalerdiak, Etxarri Aranatzen
Nafarroako Emakumezkoen Master Cup Foru Komunitateko Paleta Goma Txapelketako finalerdiak ekainean jokatuko dira Etxarri Aranatzen. Eliteen mailan Uxue Murillo eta Irati Igoak Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta izanen dituzte aurkari eta Isasmendi-Ruiz de Azuak Saragueta-Ardanaz. Lehen mailako kanporaketak Saralegi-Galarza / Errea-Murillo eta Parot-Ansotegi/ Mendinueta-Eskala izango dira; bigarren mailakoak Artazkoz-Garatea / Anitua-Beitia eta Quevedo-Sarasibar / Antxo-Argain; eta gazteen mailakoak Beltza-Larraza / Zabalza-Mendiola eta Garziarena-Eguskiza / Berastegi-Amado.