Itxasperriko bizikleta ibilaldi berezirako izena emateko azken egunak

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 24a, 11:30

Sakandarrak 2019ko Sakanako Bizikleta Egunean. Argazkia: Artxiboa.

Maiatzaren 30ean, 10:00etatik aurrera, Itxasperrin goiz pasa antolatu du Sakanako Mankomunitateak: bizikleta ibilbidea, ipuin kontalaria, jokoak, bizikletak konpontzeko tailerra eta bigarren eskuko kirol materialaren bilketa. Maiatzaren 26 baino lehen eman behar da izena

Aurreko urtean pandemia zela eta bertan behera geratu zen ekimenetako bat berreskuratu du Sakanako Mankomunitateak: bizikleta aitzakia hartuta, goiz pasa ederra egiteko aukera. Aurten Arakilek hartuko du ekimena, Itxasperri baselizaren aurreko zelaiak, hain zuzen ere, eta ekitaldiz betetako goiza iragarri dute maiatzaren 30erako, igandearekin. Guztia prestatzeko, Mankomunitateak ondokoen laguntza izan du: Arakilgo Udala, Barranka Txirrindularitza Taldea, Berri Bikes eta Muruzabal bizikleta dendak eta Sakanako ikastetxeak, kasu honetan Atakondoa, San Migel eta Andra Mari ikastola. 

Hitzordua maiatzaren 30eko goizeko 10:00etan jarri dute, Itxasperrin. Ordu eta erdiko paseo ederra egingo dute bizikletan, etxeko txikienekin egiteko ibilbide erraza. Horregatik, egunerako mendiko bizikleta prest izatea gomendatzen du Mank-ek, bizikleta doitzea. Itxasperrira bueltan eta gosaldu eta gero –norberak bere gosaria eraman beharko du– goizeko 11:30ean Izaskun Mujika ipuin kontalariaren saioa hasiko da, eta eguerdian munduko jolas herrikoiak eta bizikleta konpontzeko tailerra, Berri Bikes eta Muruzabal bizikleta denden eskutik. 

Bitartean, 2. eskuko kirol materialaren bilketa eginen da. Patinak, erraketak, bizikletak, patineteak, palak, baloiak, esku pilotak, eskiak… denetarik jasoko da. Bilketa maiatzaren 30ean bertan eginen da, Itxasperrin, eta bildutako materiala Apoyo Mutuo-Elkarri Laguntza elkartearendako izanen da. 

Izena ematea, dohainik
Maiatzaren 30ean Itxasperrin antolatutako ekitaldiak dohainik dira, baina antolakuntzarako aurretik izena eman beharra dago, maiatzaren 26rako, hau da, asteazkenerako hain zuzen ere, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus) edo Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuan (648 070 710, anitzartean@sakana-mank.eus).