Triatloia

Half Iruñean Astiz onenen pare eta Garcia oso txukun

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 26a, 12:00

Alloz eta Iruñea batu zituen proba gogorrean klasifikatu ziren 464 triatleteten artean Mikel Astiz 14. postuan sailkatu zen eta Sergio Garcia de Eulate 63. postuan. Larunbatean Aritzalekuko Triatloian aritu ziren biak

Larunbatean Half Triatlon Iruñea Erronka jokatu zen. Estatuko triatleta onenek hartu zuten parte; 700 triatleta zeuden izena emanda, eta horietatik 464k lortu zuten proba bukatzea. Zenbaki potoloak, probaren distantziak bezalakoak. Allozko urtegian 1.900 metroko igerialdia egin eta gero, bizikleta hartu eta triatletek urtegitik Iruñera bitarteko 77 kilometroak osatu behar izan zituzten, bukaeran Iruñeko herri guneko kaleetan 17 kilometroko oinezko lasterketa egiteko. Proba benetan gogorra izan zen, ikuskizun hutsa, paraje eta toki oso desberdinetan garatu baitzen. 

Gustavo Rodriguezek (Tri-Penta Terras de Lugo) jantzi zuen txapela, Antoniuttiko helmugara lehena iritsi eta gero (3:27:23). Iruñean lortutako bere laugarren txapela izan zen, 2015, 2016 eta 2017 urteetan lortutakoen atzetik, eta azkeneko eremuan, atletismoko segmentuan lortu zuen arerioei aurrea hartzea. Rodriguezek minutu pasa atera zion Eneko Llanosi (3:28:34). Emakumezkoetan, Espainiako egungo txapelduna den eta Saltoki taldeak fitxatu duen Laura Gomez  kataluniarra izan zen txapeldun handia (4:0057), Aida Valiño (Tri-Penta Lugo) gertu zuela. Gomezek galiziarra korrikako sektorean gainditu zuen eta bere lehendabiziko Iruñea Halfean garaipen garrantzitsua lortu zuen. 

Mikel Astiz Errok (Donibane Onhaus) half ikusgarria egin zuen eta sailkapen orokorrean 14. izan zen (3:50:59), onenen pare, eta Sergio Garcia de Eulate Maiak (Sakana Triatloi Taldea) merituzko lana egin zuen, 63. postuan iritsi baitzen. (4:06:52). Juan Ignacio Iturrioz (Sakana Triatloi Taldea) 180. sailkatu zen (4:24:36) eta Jose Ignacio Miqueo (Hiruki Triatlon) 194. (4:26:35). 

Mikel Astiz, guztiz motibatuta
Mikel Astiz “oso pozik” dago egindako lanarekin. “Banekien ongi egingo nuela eta fisikoki ongi nengoela; halako triatloi luze batean nire burua hor aurrean ikusteak asko motibatu ninduen. Nahiz eta asko hobetu, igeriketa nire alorrik okerrena da, eta lehendabiziko postuetan zeudenekin alderatuta nire denbora kaxkarra dela esan beharra dago, baina joango naiz hobetzen” aipatu du Ihabarko triatletak. Proba guztian ongi sentitu zela gaineratu du. “Nire sentsazioak oso onak izan ziren, bai proba hasieran eta baita bukaeran ere. Egia esan, bizikletako eta korrikako zatiak motz egin zitzaizkidan; hain ongi sentitu nintzen... Proba pixka bat luzeagoa balitz, niretzat hobe” nabarmendu zuen. 

Makina bat erronka ditu Astizek, lehena larunbatean jokatutako Aritzalekuko Triatloia. Distantzia olinpikoa egin zuen (1.500 m igeri, 45 km bizikletan eta 10 km korrika). Proba Nafarroako Distantzia Olinpikoko Txapelketa zenez, motibazio handiagoa zuen. Ekainaren 19an Half Logroño Txapelketan parte hartuko du, eta ongi ibiltzea espero du. Uztailean Sprint Distantziako Nafarroako Txapelketa jokatuko du Tuteran. 

Sergio Garcia de Eulate konforme 
Sergio Garcia de Eulatek adierazi duenez, Alloz Urtegiko igeriketa sektorean "oso ongi" aritu zen, baina uretatik aterata, ez zen espero bezala aritu. "Lasterketetan esfortzua neurtzen dugu, eta Peñiscolan, esaterako, zenbaki hobeak egin nituen. Baina egun guztiak ez dira berdinak eta beti ez zara berdin ibiltzen. Half Iruñean erritmoa hartu nuen, baina baxuagoa. Hala ere, egindakoarekin konforme nago" azaldu du triatleta altsasuarrak, Mikel Astiz "ikusgarri" aritu zela gaineratuz. 

Larunbatean ere Aritzalekuko Triatloian aritu zen, sprint distantzian, Sakana Triatloi taldeko Javier Borregarekin eta Xabi Borregarekin batera. Juan Luis Maiza taldekidea distantzia olinpikoan aritu zen. "Mikel Astizek Logroñoko Halfa egingo du, baina nik ez. Uztailean Andorrako Halfa egingo dut eta aurretik trailen bat, ikusiko dugu" aipatu du.