ETB3 Sakanan ikusteko "muga teknikoak" daudela esan du Gobernuak

Guaixe 2021ko mai. 21a, 11:41

Etxarriko familia bat ETB3 Sakanan ikusteko eskatuz. ARTXIBOA

Haurrendako euskarazko programazioa eskaintzen duen kanala ikusi ahal izateko LTDaren multiplex autonomikoa zabaldu edo bigarren bat ezarri beharko litzateke. Espainiako Gobernuak dio "teknikoki eezinezkoa" dela

Bakartxo Ruiz parlamentariak ETB3 Nafarroa osoan hedatzeko gaia nola dagoen galdetu zuen, eta Javier Rermiez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak onartu zuen lurralde osoan hedatzeko "muga teknikoak" daudela, Sakana eta Baztan-Bidasoa eremuetan, zehatzago. Egun kanal hori sintonizatu ezin den eremu bakarrak dira.

Nafarroak lau kanal dituen LTDko multiplex autonomiko bat du. Horietako bi kanal Navarra Televisión-endako dira eta beste biak ETB1 eta ETB 2 kanalendako. Bestetik, ETB3 Iruñeko, Tuterako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako LTD demarkazioetan sintoniza daiteke, baina lurralde osora zabaltzeko multiplex autonomikoan bosgarren kana bat sartu beharko dela azaldu zuen Remirezek: "eta hori teknikoki ezinezkoa da, Estatu Idazkaritzak adierazitakoaren arabera". Beste aukera bat Nafarroari bigarren multiplex autonomiko bat ematean da, "baina oraingoz ez dago mahai gainean Estatuan". 

ETB3ren aldeko elkartetik adierazi dutenez, muga teknikoak "ez da egia": "Nafarroako Gobernuak konponbide tekniko bat proposatu eta eskatu eginb ehar dio Espainiako Gobernuari, eta hark baimendu eginb ehar du". Hiru konponbide azaldu ditu elkarteak. Alde batetik, multiplex autonomikoan sei kanal emititzeko aukera dago, baina Espainiako arauek ez dute uzten. Beraz, araua aldatu beharko litzatekeela proposatzen du. Bigarren aukera, Espainiako Gobernuak Nafarroari bigarren multiplex autonomiko bat ematea eta hirugarren proposamena tokiko beste lizentzia bat ematea da Mendialdean emititzeko. Nafarroako Gobernuak eskatu omen du, "baina ez omen diote baimendu".