Pilota

Finalerdi sakandarrik gabe geratu gara

Guaixe 2021ko mai. 24a, 10:44
Tamalez, ez ditugu Buruz Buru elkarren kontra jokatzen ikusiko.

Altunaren kontra 15 eta 22 galdu eta gero Ezkurdiak agur esan behar izan dio txapelketari. Zabaletak, aldiz, beste erakustaldi bat egin zuen eta 5 tantotan utzi zuen Dario

Jokin Altuna atzera ere Joseba Ezkurdiaren borreroa izan da Buruz Burukoan, eta aurrelari arbizuarra falta zaion txapela bakarra janzteko aukerarik gabe geratu da atzera ere, madarikazioren batek jota balu bezala. Larunbatean Atano III.ean jokatutako final laurdena final aurreratu bat izan zen, eta egungo bi aurrelari onenetakoen arteko lehia aurreikusi bezain borrokatua izan zen, partida bizia eta ongi jokatutakoa. 

Hasieran parez pare ibili ziren Ezkurdia eta Altuna, baina seinako berdinketaren atzetik Altuna aldea ateratzen hasi zen. Sakeak -Altunak 4 tanto egin zituen, Ezkurdiak 3–, kolpea, errematea, defentsa… Amezketakoaren aldera erori ziren gehiago. Altuna eraginkorrago aritu zen, eta hanketara jokatuta min handia egin zion Ezkurdiari. Arbizuarrak pausu bat egin zuen atzera, eta nahiz eta 15 eta 17 gerturatu, amezketarrak ez zuen barkatu eta 15 eta 22 gailendu zen. Altunak huts bat egin zuen eta Ezkurdiak 6, eta hor erabaki zen. “Partida oso gogorra zen, lehiatua, eta halakoetan xehetasunetan erabakitzen da partida” azaldu zuen Altunak. 

Zabaletaren beste erakustaldi bat
Buruz Buruko honetan atzelariak zeresan handia ematen ari dira, aspaldiko partez. Ostiralean Rezustak Elezkanori 8 eta 22 irabazi eta gero, larunbatean antzekoa egin zuen Jose Javier Zabaletak, Dario 5 tantotan utzi baitzuen. Beraz, atzelariek Buruz Burukoan euren tokia aldarrikatu dute eta badirudi gauza handiak egiteko moduan direla. 

Zabaletaren eta Darioren arteko partidak hasiera orekatua izan zuen, baina motorra berotu bezain pronto sekulako joa erakutsi zuen etxarrendarrak, bi pilota ere errebotera bidali baitzituen, eta nahieran ibili zen. Dariok ezer gutxi egin ahal izan zuen. “Oso pozik nago, emandako pilotakadekin baita ere” azaldu zuen etxarrendarrak bukaeran.  

Zabaletak Altuna izango du aurkari
Ezkurdia bidean geratu eta gero, Buruz Buruko finalerdi sakandarrik gabe geratu gara. Finalerdietan, larunbatean Rezustak Artola izango du aurkari Labriten, eta igandean Zabaletaren eta Altunaren arteko partida hartuko du Bilboko Bizkaia pilotalekuak.