Bazterretik

'Kauboi' alienen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2021ko mai. 25a, 09:31

Denbora eta karaktereak ez xahutzeko gaur zuzenean noa harira. Askotan eskatu didate komikiei buruz gomendioa. Zein irakurri? Hau gustuko izango al dut? Beste hau ona al da? Zaila da erantzuten, gustua ipurdiak bezala baita: bakoitzak berea dauka eta hau beti politena. Horregatik, zein komiki EZ irakurri gomendatuko dizuet. Hala da, nik irakurriko dut zuek irakurri ez dezazuen. Ez horregatik.

Cowboy vs Alien komikiarekin inoiz errepikatu ez den gertaera bat pairatu nuen: lagun bati utzi nion irakurri zezan. Lagunak komikia galdu egin zuen eta honek poztu egin ninduen. 2006an kaleratu zen. 116 orrialdek osatzen dute. Ene ustez gutxiegi dira, baina ez gaitezen aurreratu. 1873an Estatu Batuetako indiar kolonia batean, estralurtar enperadore tirano batek espaziontzian lur hartzen du. Tokiko jendea esklabo gisa hartzen du. Bertako indiar eta cowboyek elkarrekin lan egingo dute estralurtar enperadorea akabatu eta mundua salbatzeko.

Istorio hau irakurtzeak fantasian sinistea eskatzen du. Hasiera batetik ikuspegi zientifikorik ez dagoela argi balego ere. Pertsonai protagonistak oso topikoak dira: badago "llanero solitario" bat, indiar buruzagi jakintsua, cowboyaren lagun erromantikoa... Gainera istorioak ez du denborarik hartzen haien pertsonalitatetan sakontzeko. Dena presaka gertatzen da, eta horrek trama behartua dagoenaren sentsazioa ematen du. Hau, noski, tamainagatik da. Istorioa Estatu Batuetako lurraldeetako kolonialismoaren metafora (batere sotila) da. Halako gai konplexua jorratzeko egitura bat behar da, xehetasunak mimo handiz lantzea...

Formalki ez dut krudela izan nahi, baina ai ene... Marrazkilaria ez da batere ausartu bineten konposizioan. Guztiak karratuak. Marrazkiek grazia falta handia dute. Pertsonaien poseak ez dira batere dinamikoak. Estilo amerikarra, traketserara. Eta koloreak nire lehengusu txikiak Plastidecor kaxa batekin egin dituela ematen du.

Ez irakurri komiki hau zure denborari estimua badiozu!!!