Areto futbola

Aralar Mendi, egindakoarekin "oso kontentu"

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 1a, 11:30

Aralar Mendirendako eta Xotarendako bukatu da areto futboleko hirugarren mailako denboraldia. Uharte Arakilgo taldea igoera faseko bosgarren postuan sailkatu da eta ez da mailaz igoko, eta Xota bigarren faseko 7E azpimultzoan hirugarren izan da

Areto futboleko 3. mailako 2020/2021 denboraldia despeditu da eta itxura oso ona eman dute bertan aritu izan diren bi talde sakandarrek. Uharte Arakilgo Aralar Mendi lehen faseko 2. multzoan 3. postuan sailkatu zen eta, horregatik, igoera fasea jokatzeko txartela lortu zuen. Igoera fasean 10 jardunaldi jokatu dira, azkena aurreko astean, eta Ablitasen kontra bosna berdinduz despeditu dute liga uharte arakildarrek. 5 eta 4 galtzen ari ziren, baina Antton Igoak azken minutuan sartutako golari esker, bosna berdindu eta puntu bat ekarri zuten Ablitasetik. Youssef El Akkari (2), Mikel Hermoso de Mendoza eta Mikel Martiarena izan ziren beste golegileak. 

Anaitasuna izan da igoera faseko txapelduna (16 puntu) eta 2. B mailara igoko dena, eta Aralar Mendi 5. sailkatu da (6 puntu), igoera faseko azkena, baina talde onenekin lehiatzea handia izan da uharte arakildarrendako eta kontentu daude egindakoarekin. 

Bestalde, Irurtzungo Xota taldea 3. mailako lehen faseko 1. multzoan aritu zen eta 4. postuan sailkatu zenez, 2. fasean 7E azpimultzoan jokatu du. 6 jardunaldi jokatu dituzte, azkena maiatzaren 15ean, eta talde irurtzundarrak 5 eta 6 galdu zuen Kirol Sporten kontra. Azkenean, 7E azpimultzoko 3. postuan sailkatu da Xota (9 puntu), eta itxura polita emanez bukatu du denboraldia. 

Balorazio ezin hobea
Aralar Mendiko kapitain Mikel Hermoso de Mendoza Sainzek aipatu duenez, Aralar Mendiren aurtengo denboraldia “oso ona” izan da. “Oso kontentu gaude. Igoera fasera sailkatu izana eta igoera fasea jokatu izana guretako nahikoa saria izan da. Igoera fasean bosgarrenak sailkatu gara, baina gu oso kontentu gaude lortutakoarekin” nabarmendu du. Pandemia dela eta, kontrolak pasa behar izan dituzte baina ez dute positibo arazorik izan eta alde horretarik ere pozik daude, liga ateratzeko ez baitute aparteko arazorik izan. 

Aralar Mendik meritu handia duela ezin daiteke uka. Bere kasua bitxia da. 3. mailan lehiatzen den herri txikiena ordezkatzen du, Uharte Arakil (789 biztanle), eta plantillaren gehiengo nabarmena Uharte Arakilgoa da. Hau da, taldeko 15 jokalarietatik 12 uharte arakildarrak dira, beste 2 etxarriarrak eta azkena Ultzamako Gaskuekoa. Entrenatzailea, Jesus Angel Alvarez, uharte arakildarra da ere. Gainontzeko taldeak harrituta omen daude. “Gurea kasu oso berezia da. 3. mailak asko eskatzen du, eta gure taldeko 12 jokalari uharte arakildarrak izateak, horrek sekulako meritua du. Gainontzeko taldeak flipatuta geratzen dira. Galdetzen digute ea gure jokalariak Sakana guztikoak ote diren, eta ezetz erantzutean harrituta geratzen dira. 3. mailako talde umilena gara, zalantzarik gabe” aipatu zuen Mikel Hermoso de Mendoza Sainzek. 

Igoera fasean bosgarrenak izan dira baina horrek ez die ilusiorik kendu, saria igoera fasera sailkatzea baitzen. Orain atseden hartu eta datorren denboraldiari begira jarri dira.