Futbola

Maitane Vilariñok eta Irati Igoak asko dute jokoan

Guaixe 2021ko mai. 28a, 11:00
Maitane Vilariño, Osasunak Atletico de Madrid B-ren kontra jokatutako partidan.

Vilariñoren Osasuna lehen mailara igoko den igandean Racingen kontra Santanderren jokatuko duen partidak erabakiko du, eta Irati Igoaren Mulierrek Lehen Nazional mailari eusteko borrokan hiru partida garrantzitsu ditu aurretik

Maitane Vilariño Mendinueta eta Irati Igoa Sesma futbol jokalari sakandarrek ez dute liga bukaera lasairik izango. Bere bi taldeek asko dute jokoan asteburu honetan: Vilariñoren Osasunak 1. mailara igotzea, eta Igoaren Mulierrek Espainiako Lehen Nazional Mailari eustea. 

Emakumezkoen Osasuna talde nagusia Bigarren mailan edo Iberdrola Erronka mailan dago. Sailkapenean bigarren postuan dago Osasuna, Deportivo Alavesen atzetik. Lehen mailara soilik lehen sailkatutako taldea igoko da, eta, hortaz, Osasuna mailaz igo ahal izateko, igandean 12:00etan Santanderren Racing Feminas taldearen kontra jokatuko duen partida irabazi beharko du, eta Alavesek Atletico de Madrid B taldearen kontra Madrilen duen partidan galtzea edo berdintzea. Maitane Vilariño Osasuna talde nagusiaren ezinbesteko jokalarietako bat bilakatu da Kakun Mainz entrenatzailearendako eta gorritxoek ez dute lehen mailara igotzeko ametsa bidean utzi nahi. Burua Racingen kontrako partidan dute, eta itxaropena dute.

"Zaila baina posiblea"
Irati Igoaren Mulier taldeak Espainiako 1. Nazional Mailari eutsi nahi dio. 3 jardunaldi ditu aurretik, lehena larunbatean, 16:30ean Tolosaren kontra jokatuko dutena, Mendillorrin. Aurreko jardunaldian Mulierrek 2 eta 0 irabazi zion Oiartzuni, Irati Igoak sartu zituen bi golak eta mailari eusteko borrokan garaipen garrantzitsua izan zen Mulierrek lortutakoa. “Bi golak sartu, gainera 2 eta 0 irabazi... oso pozik nago. Garaia zen. Hiru partida falta zaizkigu liga bukatzeko. Tolosaren kontrakoa Tolosan jokatuko dugu eta San Ignacioren eta Arratiaren kontrakoak, aldiz, etxean. Ea nola doakigun. Gauza oso zaila dago, aitortzen dut. Gainera, ez da taldeen sailkapena bakarrik kontuan hartzen, baita koefizientea ere, eta nahiko korapilotsua da. Geratzen zaizkigun hiru partidak irabazten baditugu, 1. Maila Nazionaleko kategoriari eustea posible da. Zaila dago, baina gertatzen dena gertatuta ere, beti aurrera!” azaldu du Mulier taldeko erdilari etxarriarrak.