Automobilismoa

Garikoitz Flores Izpegi igoeran nagusi

Guaixe 2021ko eka. 2a, 11:35
Argazkia: @DANIEL_CEAN

Pilotu lakuntzarra ehuneneko batzuen aldeagatik gailendu zitzaion Arkaitz Ordokiri. Maiatzaren erdialdean Fitora Nazioarteko Igoeran lehiatu zen

Aurreko larunbatean, maiatzaren 22an, hasi zen Nafarroako Mendi Igoeren Automobilismo Txapelketa, Erratzun jokatutako III. Izpegi Igoerarekin. Parte hartze polita izan zuen probak eta giroa ere bikaina izan zen. Tance Isoramotor Sport taldearekin dabilen Garikoitz Flores lakuntzarra Talex M3 autoarekin lehiatu zen, eta lehia ikusgarria izan zuen Arkaitz Ordokirekin (Silver-Car). Azkenean, Garikoitz Floresek egin zuen denborarik onena Izpegin gora (3:22.932) eta lasterketa irabaztea lortu zuen, Ordokiri ehuneneko gutxi aterata (3:23.417). 

Eneriz Besga olaztiarrak (Saxo VTS) lan polita egin zuen eta sailkapen orokorrean 18. postuan sailkatu zen, bere mailan, 2. kategorian, lehena (4:02.283). 

Fitora Nazioarteko Igoera
Aste bat lehenago, maiatzaren 15ean eta 16an, Fitora Nazioarteko Igoera jokatu zen Asturiasen, Espainiako Mendi Igoeren Txapelketako 1. proba puntuagarria eta, aldi berean, Europako Mendi Igoeren 2. proba puntuagarria izan zena. Pilotu ezagun eta onenak lehiatu ziren bertan. Garikoitz Flores (Talex M3) Espainiako Txapelketako 3. kategorian lehiatu zen, eta pilotu lakuntzarra 7. sailkatu zen, Benito Perez (BRC B49) txapeldun asturiarraren atzetik.