Zer da zuretako pentsio duina?

Guaixe 2021ko eka. 1a, 13:00

Pentsio duinen aldeko manifestazio bat. ARTXIBOA

Larunbatean pentsio duinen aldeko Sakanako manifestazioa egin zen. Eta atzo, berriz, asteleheneroko kontzentrazioak bueltatu ziren Altsasura.

Pentsio duintzat zer duten azaldu dute bost sakandarrek.

Mila Aldasoro
Zer da zuretako pentsio duina?
Bizitzeko behar duguna. Ongi bizi ahal izateko nahikoa diru izatea. Hau da, zure beharrak asetzeko adina diru izatea. Eta gauza gehiagotarako iristen bazaizu, askoz hobe. Baina gutxieneko premiak ongi beteak egon beharko lirateke. 

Gaur egun pentsio duinik badago? 
Jakina, badaude. Baina asko eta asko ez dira pentsio duinak. 

Zer egin beharko litzateke pentsio duinak izateko? 
Pentsio baxuenak igo beharko lirateke eta, gutxienez, lanbide arteko soldatarekin parekatu beharko lirateke. 

Silver Arregi
Zer da zuretako pentsio duina?
Gutxienez, duinki bizitzeko aukera emanen dizun pentsioa, zure bizi-premiak aseko dituena.  

Gaur egun pentsio duinik badago? 
Batzuek badute duinki bizitzeko pentsioa. Baina jende askorendako ez da nahikoa jasotzen duen pentsioa. Batez ere, emakumezkoak dira, zehazki, alargundutako emakumezkoak. 

Zer egin beharko litzateke pentsio duinak izateko?
Egoera ikusita, borrokatu egin behar da. Etengabe kalean egon behar da. Pentsiorako eskubidea dugula aldarrikatu behar da. Ez da inolako oparia. Bizi guztian lan eginda irabazi dugun eskubide bat da. Ezin dugu onartu soldata txikiak kroniko egitea, lanarekin eta pentsioekin gertatzen ari baita. 

Mª Carmen Cano Gonzalez 
Zer da zuretako pentsio duina?
Bizi, jan, jantzi, etxea berotu ahal izatea eta, gainera, diru zerbait soberan gelditzea. 

Gaur egun pentsio duinik badago? 
Oso gutxi, lau pribilegiatuk dituzte.

Zer egin beharko litzateke pentsio duinak izateko?
Legeak aldatu beharko lirateke. Gizartean eta politikoki lan handia egin beharko litzateke. 

Esther Larrion
Zer da zuretako pentsio duina?
Ezinbestekoa den zerbait da. Bizi ahal izatea, erosi ahal izatea… Hilabete akaberan arazorik ez dezala izan. Gutxi gorabehera, bizi dadila. Ni pentsioaz ezin naiz kexatu, lantegi batean urte pila egin nituen lanean. Eta baduzu. Ondoren lanerako ezintasuna eman zidaten, gero absolutua. Nigatik ez dut eskatzen, gainontzeko jendearengatik eskatzen dut, pentsio duina izan dezaten.  

Gaur egun pentsio duinik badago? 
Gehienak ez dira pentsio duinak. Eta gero eta gutxiago. Jubilatzen direnek ez dakit zer kobratuko duten. Denda edo ile apaindegia duten autonomoek… Kotizatzeko ere ez zaie iristen. Pentsio eskasa geldituko zaie.

Zer egin beharko litzateke pentsio duinak izateko?
Pentsio duinak ematea exijitu behar dugu. 

Ana Imaz 
Zer da zuretako pentsio duina?
Duinki bizitzeko aukera izatea, elikagai bankura joan behar izan gabe, edo gizarte zerbitzuetara jo behar izan gabe. Politiko zintzoak baleude, pentsio duinak leudeke. 

Gaur egun pentsio duinik badago? 
Bai, lanik egiten ez duenarendako egonen da; baina bizi guztia lanean aritu denarendako, lapurtu gabe ibili denarendako, ez. 

Zer egin beharko litzateke pentsio duinak izateko?
Protesta eta aldarrikapen gehiago egin beharko lirateke. Gobernu bat osatzen den bakoitzean hauteskunde kanpainan hitz emandakoa betetzen ez dutenean ospa egin beharko lukete. Jende askok aldarrikatu beharko luke. Eta hemen (pentsio duinen aldeko kontzentrazioan) lau katu besterik ez gaude.