Ostiralean, duela 60 urte, 1961eko maiatzaren 28an, guraso talde batek Anfas elkartea sortzea erabaki zuen, irabazi asmorik ez duena. Anfasen helburua da adimen urritasuna edota garapenean zailtasunak dituzten pertsonek eta beraien familiek, haien bizitza pertsonaleko proiektuak garatu ditzaten bermatzea eta eguneroko bizi kalitatea hobetzea. Familia aitzindari haiei bezala, gaur egun Anfasek hainbat familien senideei programak eta zerbitzuak eskaintzen dizkie. Baita familia horien seme-alaben eskubideak defendatu ere.
Anfasek sakandarrei ere zerbitzua eskaini izan die. Baina 2017ko azarotik ibarrean bertan eskaintzen ditu zerbitzu horiek, Lakuntzako lan eskola izan zen eraikinean, Sakanako Mankomunitatearen egoitzaren atzeko aldean. Maite Aranbillet Galzagorrik, Sakanako Anfaseko arduradunak azaldu digunez, 91 sakandar dira bazkideak eta horietatik 47 familia dira, Anfasen zerbitzuren bat erabiltzen duen senideren bat dutenak.
Aranbilletek azaldu duenez, ibarrean eskaintzen dituzten zerbitzuen artean 0 eta 6 urte arteko umeendako arreta goiztiarra dago. Bere helburua da “ahalik eta lasterren erantzuna ematea arrisku egoeretan edota garapenean ematen diren nahasketen ondorioz suerta daitezkeen aldi baterako edo behin betiko beharrei”. Horretarako, logopedia, arreta orokorra edo psikomotrizitate saioak eskaintzen dituzte. Joan den urtean 0 eta 3 urte arteko 32 haur izan zituzten eta 3 eta 6 urte arteko 16. Aldi berean, zerbitzuko erabiltzaileen familiekin ere lan egiten dute.
Gizarte, akademia eta komunikazio gaitasunak programaren bidez, besteak beste, lortu nahi da “irakurmena eta idazmenaren jabetze eta garapena lantzea, pertsonen arteko erlazioetan portaera egokiak sortu eta garatzea eta ahozko komunikazioa sustatzea, edo komunikazio-sistema handigarriak edota alternatiboak garatzea. Saio horietan 2020an 6 parte hartzaile izan ziren. Aranbilletek gaineratu duenez, haiek ere informazioa eta aholkularitza ematen dute, familien prestakuntzaz arduratzen dira eta. Sakanako eragileekin koordinatzen dira. Horrekin batera, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuetako profesionalak sentsibilizatzeko, haiekin bilerak egiten dituzte arreta goiztiarrean aritzen direnak. Bisitak ta hitzaldiak egiten dituzte ere.
Kronologia laburra
1961 Anfas sortu zen.
1972 Anfasen Sakanako batzarra sortu zen.
1982 Hezkuntza bereziko gela bat zabaldu zuten dozena bat sakandarrekin.
1987 Tasubinsa tailerra martxan jarri zen Lakuntzan.
2017 Lakuntzako egoitza mustu zuten.