Osasun Departamentuak aurrera jarraitzen du txertaketa-estrategiarekin. Astelehenean Irurtzungo kiroldegian Irurtzungo osasun eremu guztiko 50 eta 59 urte arteko 1.100 pertsonek jaso zuten COVID-19aren kontrako aurreneko txertoa. Asteartean, berriz, Etxarri Aranazko frontoian Lakuntza eta Urdiain bitarteko 697 sakandarrek jaso zuten lehen txertoa. Kasu guztietan Pfizer etxeko txertoa izan da jarritakoa.
Era berean, Osasunbidea txertaketa-jarraibidea ixten jarraitzen du 60 eta 69 urte bitarteko taldean, 80 urtetik gorakoen artean immunizazioa bukatutzat eman du, eta 70 eta 79 urte artekoena ia. Osasun Departamentuak dei egin die 60 urte edo gehiago izan eta txertoaren dosirik jaso ez dutenei haiekin harremanetan jartzeko, dela mezu elektroniko bat bidaliz (vacunacion@navarra.es), dela 948 370 120 telefonora hots eginez.
Bestalde, departamentuko ordezkariak AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten oinarrizko talde profesionaletako 60 urtetik beherako pertsonekin harremanetan jartzen hasi dira aste honetan. Asmoa maiatzean bertan behera gelditu zirenen zitazioak berreskuratzea da, beraien txertaketa prozesua egoera berriaren arabera ixteko baldintzak finkatzeko. Lurralde Arteko Kontseiluko Osasun Publikoko Batzordearen erabakiarekin bat etorriz, Bioetika Batzordearen irizpenak bermatuta, itxiera Pfizerrekin edo AstraZenecarekin bigarren dosi bat aukeratzeko aukera izanen dute, azken kasu horretan, baimen informatua sinatu ondoren.