Astekaria

Santa Marina berreraikitzea erabaki zutela 130 urte

Guaixe 2021ko eka. 11a, 10:26

Ezkerrean aziendarendako aterpea, erdian Santa Marina ermita eta eskuinean Iturmendiko andretxea, aterpea.

Urbasa gainean dagoen Santa Marina ermita azken karlistadan suntsitu zuten eta bakaikuarrek eta iturmendiarrek berreraikitzea erabaki zuten.

Antza, erromanikoa zen jatorriz. Gaur egungoak oinplano angeluzuzena du, burualde zuzenez errematatua eta bost zatitan banatuta, kanpoko kontrahormek dioten bezala. Hormak harlanduzkoak dira, erregularrak, eta barrura argia ematen duten bi leiho zuzen dituzte, baita atea ere, arku beheratu baten bidez irekia. Gaur egun, bi isurkiko teilatu sinple batez estalita dago. Barruan, zutabe salomonikoak eta frontoi triangeluarra dituen erretaula bat dauka. Santa Marinaren irudia hartzen du, XVII. mendeko lehen erdiko barrokoa. Ermitak aziendarako aterpea du perpendikularki itsasia. Eta parean andretxe edo aterpe pare bat, Bakaikurena eta Iturmendirena. 

Santa Marina ermitaren idatzizko aurreneko erreferentzia XVI. mendekoa da, Burundako Ordenantzetan haren ingurua aziendaren bazkaleku gisa izendatzen dute. Nicolas Arbizu Gabirondok argitu duenez, “1595eko agiri batean Santa Maria de la Peña Burunda guztiarena dela jartzen du”. Ikerlari iturmendiarraren bidez jakin dugu ere etxarriarrak garai batean Santa Marinara ere prozesioan joaten zirela. “Migel Anjel Sagaseta Ariztegik 1530eko agiri batean etxarriarrak Iturmendiko San Pedro ermitaraino etorri zirela eta mendira begira otoi egin zutela jasoa du”. Arbizuk azaldu duenez, Ourenseko Santa Mariña de Aguasantas santutegitik Donejakue bidean zehar zabaldu zen Santa Marinarekiko debozioa eta, horregatik, du ermitak izen hori. 

Trinitate egunari buruzko 1816ko erreferentzia bat dago. Urte hartan J. X. de Uriz y Lasaga gotzainak egoeraren deskribapena eta ohartarazpena egin zituen: “Urdiain, Iturmendi eta Bakaikuko bizilagunak, gaizki ulertutako debozio baten ondorioz, baseliza dagoen leku malkartsura igotzen dira aurreko arratsaldean eta, batzuetan, bertan jende pilak gaua pasatzen du, adin guztietako pertsonak, bi sexuen arteko nahasketarekin, hori onartezina da… eta, beraz, hori edo antzeko gehiegikeriak segituz gero, ermita botatzea aginduko dugu”. 

Santa Marina ermita Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainen esku gelditu zen. Azken karlistadan ermita gotorleku bihurtu zuten eta 1873an karlistek suntsitu egin zuten. Arbizuk azaldu duenez, 1891n, duela 130 urte, ermita berreraikitzea erabaki zuten. Baina Urdiainek lan horietan parte hartu ez zuenez, eskubideak galdu zituen. 

Berreraikuntzaz 
Ermita berriro eraikitzearen inguruko lekukotza eman zuen Jose Gabirondo Lacunzak Iturmendi, herriaren mintzoa aldizkariaren 3. zenbakian, 1993an. Hala kontatu zuen ermitaren berreraikitze prozesua: “gurasoek esaten zutenez ermita Urdiain, Iturmendi eta Bakaikurena zen; guztia kareharriz eraikita zegoen. Karlistadakoan haiek okupatu zuten, baina askoz gehiago ziren liberalak inguratzen ari ziren. Orduan, setiatutakoek behera bota eta erabat suntsitu zuten. Gaur egun, oraindik, Santa Marina iturrian harri horiek daude”. 

Gabirondoren kontakizunak horrela segitzen du: “ondoren iturmendiarrek eta bakaikuarrek ermita berregitea pentsatu zuten eta urdindarrak gaztigatu zituzten. Haien alkateak erantzun zuen uzta txarra izan zutela urte hartan eta hobea zela arto eta gari bagoi bana ekartzea eta herritarren artean banatzea. Erantzun oso humanitarioa, baina aipatu ermitaren parterik gabe”. 

Bere kontakizuna horrela despeditu zuen Gabirondok: “gaur egun Urdiaingo heldu eta gazte asko igotzen dira eta ongi etorriak dira. Azkenik bakaikuarrek eta iturmendiarrek beheko basotik haritz egur tonak igo zituzten, idi bikote asko uztartuz eta soldata txikiarekin, haien artean nire aita zegoen (Goian Bego); ermita eta gainontzeko estalpeak konpondu zituzten, eta hezetasuna zainduz gero, haritza sekula usteltzen ez den materiala da”.