Gaur egun etxeetan, dendetan, ostalaritzan, enpresetan,, administrazioetan eta bestelako erakundeen egoitzetan telekomunikazio zerbitzu ona ezinbestekoa da. Zuntz optikoak bermatzen du hori, baina herri txikietan jende gutxi bizitzean telekomunikazio enpresa komertzialek ez dute haietan etekinik ikusten eta eta zuntz optikoko sarerik gabe uzten dituzte. Horri buelta eman eta herri txikietan zuntz optikoa zabaltzeko proiektua landu du Sakanako Garapen Agentziak.
Agentziako kide Iker Manterola Matxainek jakinarazi duenez, “Guifinet fundazioa hasi da Arakilgo herri batzuetan zuntz optikoa sartzen. Pixkanaka Arakilgo herri guztiak eta Irañeta eginen dituzte”. Horretaz aparte, Irurtzun eta Etxarri Aranatz arteko zuntz optikoko sare nagusi bat egitea aurreikusten du proiektuak, herrietan dauden balizko premiak ase ahal izateko. Aurreikuspenen arabera lastailerako lanak despedituta egin beharko lukete eta, horrekin batera, eremu horretako telekomunikazio gabeziak konponduta.
Azpiegitura horren aurrekontua 400.000 eurokoa da. Eta horietatik 160.000 euro Nafarroako Gobernuak jarriko ditu, Geroa Baik eta EH Bilduk horretarako aurkeztutako aurrekontu emendakin bat onartu baitzen. Beste zati bat proiektua garatzen ari den Guifinet fundazioak pagatuko du, eta gainontzekoa udalek.