Pausoz pauso, nire gainetik igarotzen zarete, oinez. Zuen oin zein ibilbidearen sostengua naiz, bidea lotu ahal izateko orpopeetako euskarria. Urrats horietan, neuri begira zoazte gehienak. Beno, edo gainerako harri laukidunei begira, agian. Azkenaldian inoiz baino gehiago begiratzen gaituzue, miretsiko bagintuzue bezala; eta pentsatzen hasia naiz ez ote zareten gurekin obsesionatu. Edo burua altxatzea kostatzen zaizue agian?
Eguneko menuan: estropezuak, belaun erreak, gargajoak eta zakurren kakak ditugu; eta azkenaldian gureganako begirada zenital gehiegi. Postre itzela. Nire gisako baldosek horrelakoak jasan behar izaten ditugu, tartean ez badira mende hartu zaituzteten pantailak ageri. Gure menua nahiago dut. Nola edo hala, lurrera begiratzera behartzen zaituen nekean murgilduta egonez gero; gugan pentsatu. Gu ere zapaltzen gaituzte eta gure ikus eremua bakarra da. Zuenak, angelu zenitalaz baino gehiago gozatu dezake. Tortikoli saihestezin baten menpe bazaude, ibilbidearen nolakotasunak ulertu eta ikasten gozatzeko izan dadila; eta gozatuz ikasteko. Askotan harrizkoa izan nahiko zenukeen arren; benetan, ez du merezi. Badira okerrago daudenak. Nik, egun euritsuetan ondoko estoldetan pentsatzen dut. Bai, lurreko baldosa izatea ez baita lan xamurra, baina bi egunetatik behin uholdeak jan behar izaten dituen estolda izatea okerragoa da.