Magic bezala edo MTG laburduraz ezagutzen den karta jokoa da hau. 1993an Richard Garfield matematikariak sortu zuen eta Wizards, AEBko enpresak komertzializatu zuen. Sortu diren karta bilgarrien jokoetatik hau lehenengoa da. 2018 urteko datuen arabera, munduan 6 milioi jokalari zeuden, 52 herrialdetakoak. Horren ospetsua izanda, 11 hizkuntzetara itzuli izan dira.
Joko honekin munduan zehar hedatzen den txapelketa sistema bat sortu da. Izan ere, jokalari profesionalak daude, eta bigarren mailako karta merkatu bat ere. Internet bidez jokalari askorekin joko honetara jolasteko aukera dago, ordenagailua edota mugikorra erabiliz.
Jolasteko modu ugari dago baina batez ere 2 nagusitzen dira. Lehengoa, jokalariak berak sortutako karta sortak erabiliz, eta bigarrena, lagunekin karta sobre batzuk erosiz eta horiekin norberak bere karta sorta eginez, arau batzuk jarraituz. Jokoa 2 jokalarirendako pentsatuta dago, baina badira jokalari gehiagorekin jolasteko aukerak ere.
Bost kolore ezberdin daude Magic-en, bakoitzak bere esanahi eta nortasunarekin. Beltza, Zuria, Gorria, Urdina eta Orlegia dira koloreak eta horietako bakoitzak "magia" estilo bat irudikatzen du. Kolorerik gabeko tramankuluak ere aurki daitezke eta kolore askotako kartak ere.
Zailtasun handiko eta arau askoko jokoa da. Beraz, zertan datzan jakiteko, azalpen labur batekin ez da nahikoa izango: jokalari bakoitzak, 60 kartaz (gutxienez) osatutako sortarekin, aurkariari 20 bizitzak kendu behar dizkio, txandaka. Horretarako, "lurraldeak" jokatu behar dira horien "energia" erabiltzeko. "Energia" horrekin botere magikoak erabili behar dira (tramankuluak, sorginkeriak, izaki magikoak…) aurkariaren bizitza guztiekin bukatzeko.
Gaur egun, Sakanan bertan eros daitezke Magic kartak Altsasuko Zelai Bideoklubean. Garai batean, 13 urte edo genituela, Bele Beltzakeko kideok, hirietan erosi genituen gure lehengo karta-sortak. Ondoren, Koskobilo liburudendan erosteko aukera izan genuen. Nolako garaiak!