Txirrindularitza

Nahia Imaz, Leire Urtasun eta Bakarne Arregi txukun Tafallako Emakumezkoen Trofeoan

Guaixe 2021ko eka. 2a, 10:40
Leire Urtasun Emakumezkoen Segurako Sarian.

Proba, aldi berean, Nafarroako Txapelketa zen. Junior mailan Imaz 7. sailkatu zen eta kadeteen mailan Urtasun 13. eta Arregi 36. 

Igandean IV. Emakumezkoen Tafalles Trofeoa jokatu zen Tafallan, aldi berean Nafarroako Emakumezkoen Txirrindularitza Txapelketa zena. Juniorren mailan 80 km izan zituzten aurrez aurre txirrindulariek eta lasterketa oso mugituan, Nafarroa Ermitagaña taldeko Ana Estellak aurrea hartu eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:24:44). 8 segundora Lucia Ruiz sartu zen (Rio Miera Cantabria) eta 19 segundora atzetik zetorren tropeltxoa, Lydia Pinto (Viella) buru zela. Taldetxo horretan zetorren Nahia Imaz altsasuarra (Nafarroa Ermitagaña), 7. postuan sartu zena. Taldeka, Nafarroa Ermitagaña izan zen onena. Ana Estella da, beraz, junior mailako emakumezkoen Nafarroako txapelduna. 

Kadeteen mailako tropelak distantzia erdia osatu behar izan zuen, 40 km. Kasu honetan ere lasterketa gorabeheratsua izan zen Tafallakoa, eta Carla Suarezek (Coque Uria) lortu zuen garaipena, helmugara bakarrik helduta (1:41:53). Bigarrena Raquel Erdoziain sartu zen (Nafarroa Ermitagaña), 29 segundora, eta bera izan zen Nafarroako kadete mailako txapelduna. Leire Urtasun lakuntzarra (Nafarroa Ermitagaña) 13. postuan sartu zen, 2:12 minutura, eta Bakarne Arregi lakuntzarra (Nafarroa Ermitagaña) 36. postuan, 6:34ra.