Txirrindularitza

Aznar, Erdozia, Uncilla, Garro eta Lopez, Ezkirozko Top-Tenean

Guaixe 2021ko eka. 3a, 11:30

Adrian Martinez, ezkerrean, kadete mailako Segurako helmugan. Argazkia: Martin Early.

Xabier Zabala gailendu zitzaion Hugo Aznarri XVII. Zendea Galarko Sari Nagusian. Sailkapeneko lehen 10 postuetan bost sakandar sartu ziren. Kadeteen mailan Sakana Group-Aralar taldeko Adrian Martinez lakuntzarra laugarren izan zen Seguran

Igandean juniorren mailako tropela Eskirozen bildu zen, XVII. Zendea Galarko Sari Nagusian parte hartzeko. Lasterketak 72 km gorabeheratsu zituen, eta tropelean hasieratik sortu zen mugimendua. Azken erasoan Xabier Zabala (Bar Restaurante El Volante) eta Quesos Albeniz Burunda talde sakandarreko Hugo Aznar geratu ziren aurrean, eta euren arteko esprintean Zabala gailendu zitzaion Burunda klubean dabilen Kortesko txirrindulariari. Tantaka iritsi ziren atzetik zetozen txirrindulariak: Jon Erdozia (Sakana Group) 4. izan zen, 8 segundora; Mikel Unzilla (Quesos Albeniz) 7., 21 segundora; Unai Garro (Sakana Group) 8., 27 segundora; eta Sergio Lopez (Quesos Albeniz) 10., 27 segundora. Taldekako sailkapena Quesos Albeniz talde sakandarrak irabazi zuen. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Aimar Tadeo (Sakana Group) 13. sartu zen, Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz) 18., Xabier Borrega (Quesos Albeniz), 34., eta Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 39. 

Kadeteak: Adrian Martinez laugarren Seguran
Kadete mailako tropelak igandean Seguran jokatutako Segurako Sarian hartu zuen parte. Lasterketak 48,7 km zituen eta hasieratik mugimenduak sortu ziren. Gama Muruzabal Erro y Eugi taldeko Raul Ostizek erasoa jo eta Segurako helmuga bakarrik gurutzatu zuen (1.15:51), atzean zuen laukoteari segundo bat aterata. Sakana Group taldeko Adrian Martinez zihoan laukote horretan, eta lakuntzarra podiumera igotzear egon zen, baina laugarren sailkatu zen. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Agudelo (Quesos Albeniz)19. sailkatu zen, Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) 20., Aritz Oiarbide (Sakana Group) 27., Gabriel Irurtia  (Sakana Group) 33., Mikel Regil (Quesos Albeniz) 45., Manex Zufiaurre  (Sakana Group) 69. eta Hegoi Lakuntza (Quesos Albeniz) 74. Sakana Group taldea probako bigarren talde onena izan zen.