Infoxikazioa edo gaininformarioaren fenomenoak berak harrapatu ninduen behin. Bat-batean informazio gehiegi jaso eta garunak eztanda egin zidan. Laster, nire arreta gutxitzen nabaritu nuen eta, gainera ez nintzen erabakiak hartzeko gai izan informazio bonbardaketa jaso ondoren. Azaldutakoa oso ohikoa omen da gaitz hau bizi dugun XXI. mendeko lehen bi hamarkada hauetan.
Tartean sarean fake newsak edo gezurrak ditugu, azken boladan, pandemiaren inguruko esamesekin biderkatu den fenomenoa. Aurretik, 1976. urtean, Alvin Toffler soziologo eta futurista estatubatuarrak deritzon Future Schok liburuan iragarri eta ikertu egin zuen Infoxikazioa, gaininformazioa edota infobesitatea.
Informazioa eta ezagutza boterea zirela zioten Hobbes eta Baconek XVI-XVII. mendeko buruek. Baina XXI. mendean baieztapen hau ez da aski. Michel Foucoult historialariak eta marxismo ondorengo filosofoak (1926-1984) boterea, ezagutza eta egiaren inguruan ikertu zuen. Hain zuzen, boterea ideia "zuzenak" eta "okerrak" definitzeko gaitasunaren inguruan gauzatzen dela zioen, siniste sistema bat hegemonikotzat edo zentraltzat jotzen den heinean, "egiaren" lekua hartuz. Ondorioz, sistema horrek errealitatea ulertzeko modua definitzen du eta gure bizimodua normalizatzen du.
Beraz, kalitatezko informazioa bereizten jakitea, Interneten zein teknologiaren zarata alde batera utziz, eta honen guztiaren gainetik, arreta lantzea dira gure garaiko oinarrizko abileziak, ezinbestekoak gainera, XXI. mendean ahalduntzeko edota burujabea izateko.
Gero eta zailagoa zaigu sakon aritzea, sare sozialen, Whatsapparen eta gainontzeko teknologiaren bitartez jasotzen ditugun milaka estimuluak direla eta. Hortaz, esaten digutena egia edo gezurra borobila den berehala erabakitzera behartzen gaituzte. Nahaste-borraste honetan, badira tresna batzuk egoerari aurre egiteko eta Informazioa kudeatzeko ohitura onak:
- RSS irakurtzeko lanabesak edo harpidetza sistema erabili, adibidez, Feedly. Aski da 2-3 iturri fidagarri zehaztea gai bakoitzeko.
- Twitterren zure intereseko gaien zerrendak sortu, gero egiazko iturriak erraz jarraitzeko.
- Informazioa aukeratzeko, ingelesez content curation deritzona, Paper.li edo Scoop. It lanabesak erabiltzea.
- Egunean informazioa jasotzeko tartea mugatzea.
Erne gero, boterea, ezagutza eta egia eraikitzen ari baitira sare sozialen algoritmoak eta atzetik diren interesak, post egia edo egia ostea eratuz eta zabalduz. Gure Facebook, Twitter, Instagram, Tik-Token edota gainontzeko algoritmoek datu objektiboen gainetik, iritziak eta emozioak nagusitu eta, are gehiago, ikusi, irakurri eta entzun nahi duguna erakusten digute bereziki; beraz, informazio ezara eraman ahal gaituzte.