Badator uda eta udarekin batera existitzen ez den edertasun kanon batera iristeko betiereko oztopo lasterketa. Inork irabazten ez duen oztopo lasterketa. Lasterketa irteeran: segurtasunik eza eta autoestimu falta, norberaren zaintza eta arreta ezean oinarritua. Denak ahal dugun moduan aterako gara korrika, eta gorputzen arteko lehiaketa hasiko da. Gainditu beharreko oztopoak honako hauek dira, batik bat: ileak ezkutatuko dituen depilazio basatia, arrautza frijitu baten antzera beltzarantzeko eguzkia hartzea, ezer gutxirako balio duen dieta bat egiteko gosea eta egarria pasatzea edota gure gorputzeko zati lotsagarriak estaltzeko arropa erostea. Hiru, bi bat, PUM! Hasi da lasterketa. Helmugan? Frustrazioa, lotsa, antsietatearen areagotzea, etsipena… eta saria???
Jendartearen begirada neska* gazteon gorputzen gainean dago beti eta udan biolentzia hori indartu egiten da eta ikusgarriagoa bilakatzen da. Sistema kapitalista heteropatriarkalak gure gorputzak eraso eta merkantilizatzen ditu, gorputz perfektuaren bila aritu behar izaten gara. Kanon estetiko guztiak bete behar ditugu onartuak eta desiragarriak izateko. Erosi eta kontsumitu, ondoren gure gorputzak saltzera bultzatuz. Existitzen ez den edertasun kanona lortzeko oztopo lasterketan, neska* gazteok zaurgarri gara eta honek osasun arazo fisikoak zein psikologikoak ekartzen dizkigu gutako askori.
Edertasunaren, irudiaren eta desiragarritasunaren eraikuntza sozialak deseraiki behar ditugu, gure gorputzekiko autodefentsa mental, emozional eta fisikoari ekinez, borrokatuz. Badator uda eta gu titiak, estriak, mitxelinak, ileak, azalak, ipurdiak eta deserosoa den hori guztia erakustera goaz. Neska* gazteok autodefentsa feministaz sistema desnormalizatzera goaz!