EHE eraberrituak bere oinarriak kaleratu zituen duela hilabete batzuk, Ikusmira izeneko dokumentuan. Oinarri eta helburu horiekin bat eginez, Altsasuko EHEk, Altsasu berreuskalduntzea helburu, berriro ere ekin dio herritarrak aktibatu eta euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzeko lanari.
Herritarrongandik gertuen dagoen administrazioa udala dela esan dezakegu. Batzuoi, ordea, beste batzuei baino urrunago geratzen zaigu administrazio hori. Izan ere, Udalean euskaldunak 2.mailako herritar sentitzen gara:
Udalak gaztelania hutsezko SMS eta posta elektronikoak bidaltzen ditu; udaletxeko sarreran osasun jarraibideak jasotzen dituen informazio panel bat aurki dezakegu eta bertan gaztelaniari ematen zaio lehentasuna; udalaren webgunean sartuta, hainbat atal gaztelania hutsez daude; Altsasuko liburutegian 16 urte artekoendako liburuetatik, euskarazkoak ez dira %30era iristen, ordenantzaren arabera gutxienez %50a izan beharko luketen arren; kultur agendari dagokionez, euskarazko eskaintza nahikoa izatetik urrun geratzen da; hori gutxi balitz, pasa den legegintzaldian udalak obra eta garbitasun langileei euskara-eskakizuna kendu zien eta merezimendu bihurtu zuen.
Adibide batzuk baino ez dira eta ziur altsasuar euskaldunei gehiago bururatuko zaizkiela. Eskubide urraketa horiek guztiek gure herrian euskaraz bizi ahal izatea ezinezko egiten dute.
Bestalde, legegintzaldi honetan ez da Udaleko Euskara Batzordea behin ere deitu. Batzordea deitzeko ardura lehendakariak du, kasu honetan, alkateak. Badirudi euskara beste gai guztien azpitik dagoela, orain arte deitu ez den batzorde bakarra baita. Antza, ez dago gai honekin egin beharreko ezer.
Hizkuntza politika egiten denak eta egiten ez denak osatzen dute. Bai batean bai bestean, Altsasuko Udalaren hizkuntza politika zein den argi ikusten da.
Herritarrok ezin ditugu eskubide urraketak normalizatu. 2.mailako altsasuarrik egon ez dadin, gure hizkuntza eskubideak errespetatzeko exijitzen diogu udalari; euskararen ordenantza betetzen dela bermatu eta euskara bere jardunaren erdigunean jartzeko. Era berean, herritarrei dei egiten diegu heldu den ostiralean, ekainaren 11n, 19:00etan udaletxe aurrean egingo dugun kontzentrazioan agertzeko. Euskara erdigunera!