GUAIXE irakurtzea gustuko dut gertuko berriak ekartzen dizkigulako. Gertutasuna gustuko dut. Ez zait gehiegi gustatzen maite ditudan senide eta lagunengandik urrun egotea, pandemiaren urte honetan egon behar izan dugun moduan, eta, horregatik, hurbiltasuna maite dut, berotasuna, besarkada estua, musua.
Nire herrian emigrazio handia egon zen 60ko hamarkadan, eta orduko baby-boom hartako ondorioa naiz. Jende asko etorri zen Euskal Herriko txoko honetara, Etxahun Irurik idatzi eta Benitok kantatu zuen bezala, beren "opilaren egitera", hau da, ogibide eta etorkizun hobe baten bila.
Sakana industrializatu zen, eta trenaren beharrak asetzen zituen fundizioari beste hainbat lantegi gaineratu zitzaizkion. Honela, bada, Sakana tximiniez bete zen, porlanez eta keaz, eta nazioarteko immigrazio gune bilakatu zen, leku askotatik etorritako jendeari esker, azentu eta begirada berriez hornitua, abizen, azal kolore eta amets berriez.
Horregatik maite dut hainbeste GUAIXE, gertukoa delako, eta bere gertutasunean, aipatu "nazioartekotasun" horren ondorengoa delako, munduan gertatzen denari irekita beti, guretzat munduan gertatzen dena ere gertuko albistea baita, bertako berria, tokikoa, etxekoa.
Horregatik, urrutikoa gertukoa da guretzat, eta Palestinarekin elkartasuna adierazten dugu elkarretaratze batez edo Aida Camp errefuxiatu eremuko hezitzailearen hitzak entzunez. Horregatik, hangoa hemengoa da guretzat, eta Tindufeko idazle baten liburuaren aurkezpenera biltzen da jendea, Sakanako artistak noizbait bildu ziren bezala Sahara Aske Baten Aldeko Artea izeneko ekimenean.
Horregatik, diasporako sakandar horiek pairatzen dituzten bidegabekeriek mintzen gaituzte, eta Munduko sakandar zanpatu guztiontzat justizia eta bakea eskatzen dugu. Eta osasunerako eskubidea ere bai, eta patenteak libera ditzaten, munduan diren herrikide gaixo guztiek beren txertoa izan dezaten. Zeren eta haiek ere baitira, GUAIXEren gertuko berrien orrietan, begira ditugun gure beste anai-arreba sakandarrak.