Euskaraldiko bizipenak partekatzeko dokumentala

Guaixe 2021ko eka. 8a, 09:32
Uhartearrak Euskaraldian izena ematen. ARTXIBOA.

Asteazkenean, 18:30ean, Altsasuko Gure Etxea eraikinean ikusgai. Gonbidapenak Iortia kultur gunean eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan eskuratu daitezke (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.eus

Iñaki Alforja Sagonek zuzendutako Biziprest. Gehiago gara dokumentala Nafarroan barna bira egiten ari da eta asteazkenean Sakanara, Altsasura iritsiko da. Alforjak ikus-entzunezkoan Euskaraldia 2020k nafarrengan duen eragina, euskarak pizten dituen sentimenduak erakusten ditu. Horretarako, Nafarroaren aniztasuna islatzen duten lau euskaldunen bizipenez baliatu da: Iñaki Castillo (Berako euskaldun berria), Miriam Balmaseda (Tuterako gaztea), Yasmine Khrish Maansri (Iruñerriko euskaldun berria) eta Iñigo Martinez (arigune bihurtu zen musika taldeko kidea). 

2020ko Euskaraldia berezia izan zen, zentzu askotan. Elkarren arteko distantzian bizi behar izan genuen. Orduan kalean konpartitu ahal izan ez genituen sentimenduak biziarazten ditu dokumentalak protagonisten kontakizunen bidez. Adin eta motibazio desberdinak dituzten pertsonak dira lau protagonistak, eta bakoitzak bere ikuspegitik kontatu du nola bizi izan duen Euskaraldia, zein eragin izan duen beraien egunerokotasunean, zergatik parte hartzen duten… Lau esperientzia horien haritik, argi ikusten da nola ariketa egiterakoan bakoitzak helburu desberdinak jartzen dizkiogun gure buruari eta, hortaz, zein desberdina den bizi eta sentitzen duguna. Nahi eta behar desberdinei erantzuten diela Euskaraldiak.

Hizkuntza ohiturak hurbilean aldatzeak garrantzia handia du eta, horretarako, oso eraginkorra da Euskaraldia ariketa soziala. Nafarroan euskara bizirik dagoela eta hizkuntza gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko prest dauden hiztunak daudela agerian dago. Erronka handiak daude heldu diren urteotarako. Horregatik, ordu erdi irauten duen dokumentalaren ondoren, beste horren beste irauten duen euskararen erabilera sustatzeko sentsibilizazio tailerra izanen da. Sakandarrek beraien bizipenak partekatzeko tokia ere izanen da. Dokumentala Euskaltzaleen Topaguneak ekoitzi du eta Nafarroako Gobernuak babestu du.