"Normalizatu behar ditugu bi hizkuntzetako elkarrizketak"

Guaixe 2021ko eka. 11a, 09:48

Olaztiarren Euskaraldiko talde argazkia.

Urte erdi pasa da Euskaraldia izan zela. Ariketan izandako esperientziaren berri ematen duen dokumentalaren emanaldia izan zen hilaren 9an eta haren balorazioa egiteko baliatu dugu.

Joan den urtean buru-belarri aritu zen Euskaraldiaren lanketan eta garapenean Izaskun Errazkin Beltza, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikaria.

Pandemia betean Euskaraldia egin beharra zegoen?
Zalantzak egon ziren. Egin edo ez egin. Erabakia goitik etorri zitzaigun. Hausnarketa hori egin zuten. Nik uste, beste gauza batzuk tartean, plangintza eta aurrekontu kontuak onartuta zeudela, eta Topaguneak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurrera jarraitzea erabaki zuten. Egia da pandemiak eragin zuela. Gehien bat zabalpenean, asko zaildu zituen gauzak. 

Aipatu zen ere pandemiarekin euskarak kalea eta ikusgarritasuna galdu zituela. 
Bai. Bi aldeak izan ditu. Sakanako eta Nafarroako Euskaraldiko taldeek egin dituzten balorazioetan, orokorrean, jaso da pandemiak zaildu egin duela zabalpena, herriaren lanketa eta ariguneen lanketa ere, entitate batzuk itxita zeudelako. Baina, aldi berean, koronabirusak ekarri zuen euskararen atzeraldia zenbait lekutan. Euskaraldiaren aitzakiarekin agian beste kasu batean joango ez ginatekeen leku batzuetara jo dugu. Euskaraldia zegoenez, horrek derrigortu gaitu zenbait entitate bisitatzera. Herrietan talde batzuk aktibatu dira; Sakanako ia herri guztietan izan ditugu batzordeak. Agian urte bat gehiago izan bagenu… Baina begira nola gauden aurten, ez dakit konponbidea izan behar zuen. Euskaraldiak euskara ekarri du, mahai gainean jarri du. Zenbait tokitan euskararen inguruan erabakiak hartu behar… Sentsazio gazi-gozoa da. Baina gozo alde hori ere izan du. 

Garbi zegoen ezin izanen zela lehen edizioa bezain arrakastatsua izan. 
Sakanako Euskaraldiko batzordeak noizean behin elkartzen ginen eta hori hasiera-hasieratik garbi ikusi genuen. Ez genuen kalerik, eta 2018an hor lan handia egin zen; herrian edozer gauza zegoela, mahai bat jarri eta informatzeko edo izen ematea egiteko aprobetxatzen zen. Aurrekoan ikastetxeetan ere lanketa politak egin ziren eta, orain, taldeak nahasi ezin diren horrekin, hor ere ezin izan da aurrekoan bezain beste landu. Eta izen ematean nabaritu da, jaitsi egin da. 

Euskaraldia batzordeek nola lan egin zuten euskal hiztunak herriz herri aktibatzeko?  
Ia herri denetan genituen eta talde bakoitzak nahikoa funtzionamendu autonomoa zeukan. Batzuek indar gehixeago, beste batzuek gutxixeago. Egia esan, talde handiegirik ez daukagu ezta herri batean ere, hiru, lau, bost, sei pertsona herrian elkartu eta esan: zer egin dezakegu hemen? Batetik, aztertu zer arigune izan zitzaketen herrian, eta zeintzuk izanen ziren haien lehentasunak, zeren, agian ezin ginen denetara iritsi. Bigarren lana ahobizi eta belarripresten izen ematea lotzea. Abantaila zen ez zela berria, 2018tik jendeak ezagutzen zuen. Batzuek kultur ekitaldiren bat antolatu dute, besteren batek kultur dinamikaren bat… Batzordeek elkarri ideiak ere eman dizkiote. Esaterako, Euskaralditik Etxealdira egin zenean, etxeetan jarritako borobiltxo horiekin Lizarragabengoan bideo bat egin zuten, gainerakoei gustatu eta beste batzordeek ere egin zuten, bere herrian zabaltzeko. 

Nola lan egin zen euskal hiztunak aktibatzeko? 
Gelditu zitzaizkigunak sare sozialak eta whatsappa izan ziren. Zabalpenerako indar handia izan dute. Azken momentuan kalera atera ginen, baina gutxi.



Euskal hiztunek bat egin zuten Euskaraldiarekin?
Bai, 16 urtetik gorako 2.171 sakandarrek eman zuten izena. Aurrekoan 2.609 izan ziren (438 gehiago). Baina geunden egoeran aurreikustekoa zen ez genuela lortuko aurreko datuetara iristea. Zenbatetan lortzen da Sakanan euskararen erabileran horrelako kopuru bat? Eta Euskaraldiak horretan eragin nahi du, hizkuntzaren erabileran; gure artean euskara gero eta gehiago erabiltzea, baita ulertu bai baina hitz egiteko gaitasun gutxi dutenekin ere. 

Izena emandakoen %80,89 ahobizi izan ziren eta %19,02 belarriprest. Aurrekoaren pareko portzentajeetan gelditu ginen. Oraingoan lehen edizioan baino belarriprest gehiago erakartzen saiatu ginen. Euskararen erabileran hor dugulako erronka: euskara erabiltzeko zailtasunak izan baina ulertzen duten horiek inplikatu nahi ditugu. Berak lehen pausoa ematen badu eta belarriprest txapa jartzen badu esaten ari dena da: niri euskaraz egin, ulertzen dizut, gero ikusiko dut zein hizkuntzatan erantzuten dizudan. Horrek erraztu egiten du, eta zilegitasuna eman nahi diegu bi hizkuntzatan egiten diren elkarrizketei. 

Jendeak belarriprest eta ahobizi rolak barneratuak ditu?
Badirudi 2018an ez zela guztiz ongi ulertu. Lotu zen ahobizi izatea hizkuntza gaitasun ona izatearekin eta belarriprest ez hain ona izatearekin. Ez da hori. Euskaraz hitz egiteko konpromisoarekin lotuta dago. Rolak erabileraren aurrean hartzen den jarrera bat dira. Ahobizi denak euskaraz ulertzen duen guztiari euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen du. Eta belarriprestek esaten du: niri egin nazazue euskaraz, baina nik agian ez dizut eginen. 

Aurrekoan bazegoen sentsazioa hori ez zela erabat ongi ulertu eta orain ez da erraza jakitea hobeki egin dugun. Zeren belarriprest gehiago izatea nahi genuen eta ez dugu lortu. Hori lantzen segitu beharko da. 

Ele bitan elkarrizketa gehiago izan dira? 
Horretarako zailtasuna dago. Zenbait batzordetik aipatzen zuten Euskaraldia azaro-abenduan izanik, eta harreman oso gutxi genituen garaian izanik, ariketaren inpresio bat izatea zailago egin zaiela: ez dakit esaten aurten Euskaraldiak funtzionatu ote duen, ele bitako elkarrizketa gehiago izan diren edo ariguneek lagundu duten. Euskaraldiak berak ikerketa egiten du, eta horretan ari dira. Horrek daturen bat emanen digu. 2018an ariketa bera kalean baloratzea errazagoa zen. 

Euskara bakar bakarrik euskal hiztunen kontua izan behar du? Erdaldunak zein rol jokatu behar du egunerokoan eta Euskaraldian?
Orain arte aipatu ditugu euskal hiztunak eta ulertzen dutenak. Horiek hitz egiteko gaitasun falta dute, edo ez ausartzea pauso hori ematera. Euskaraldiak plazara gai hori atera du: ulertzen duen horrek asko egin dezake euskararen alde. Normalizatu behar ditugu bi hizkuntzetako elkarrizketak. Lagun artean, familian… gehiago kostatzen zaigu, baina establezimenduetan, dendetan elkarrizketak nahiko “xinpleak” dira, eta ariguneetan hori lortu daiteke. Beste eremu bat da, esaterako, batzar bat. Hori askotan jasotzen dugu: batzarretan zer egin behar dugu, dena bikoiztu? Dena euskaraz eta gaztelaniaz? Ulertzen duten horiek erraztea euskaldunok asko eskertzen dugu. Zilegitasuna eman gauza batzuk euskaraz egiteari. Eta ulertzen duenak ulertzen du, eta hor ez dago arazorik. 

Nafarroako beste eskualde erdaldunago batzuetan, zehazki, erdaldunei dagokienez, ulermena ere ez dutenak, erdaldunekin zer egin? Beste figura bat sortu behar da? Erdaldunak zer egin dezake? Gutxienez, asmo ona erakutsi. Euskaldunok konplexuak ere izan ditugulako. Hizkuntza minorizatua da eta urtetako zapalkuntza horregatik konplexu batzuk gureganatu ditugu. Eta gure gain hartu ditugu agian gure gain hartu behar ez genituen gauzak. Erdaldunek gure ariketa honi zilegitasuna ematea eragina izan dezake euskararen erabileran. 

Lehen edizioan izena eman zuten batzuek, izenik eman gabe txapa berrerabili zuten? 
Hori ere jaso genuen izen emate garaian. Beste leku batzuetan ere inpresio hori izan zuten. Saiatu ginen argitzen Euskaraldia bakoitzean parte hartzeko izena eman beharra dagoela. Izen ematerakoan jaso zen zeinek errepikatzen zuen Euskaraldian (%74,99, 1.628) eta zeinek parte hartzen zuen estreinakoz (%25,01, 543). Berri batzuk badaude, eta hori positiboa da. Izen ematea jaitsi da, beraz, aurrekoan parte hartu zuten batzuek ez dute errepikatu. Edo ariketan parte hartu dute eta ez dugu haien konstantziarik izenik eman ez dutelako. 

Zein da izen ematearen garrantzia?
Nolabait konpromisoa hartzera behartzen dizu. Ahalegin bat eskatzen dizun ariketa bat dago izen ematearen atzean. Azken finean hizkuntza ohiturekin jokatzen ari garelako. Eta denok ditugu hizkuntza ohiturak. Batzuekin euskaraz hitz egitera ohituta gaude. Beste batzuekin, dena delakoagatik, ez dugu hainbeste ohitura. Hizkuntza ohitura horiek aldatzea posible da. Beti esaten dugu. Ahalegin bat eskatzen dute. Eta izen emateak egiten dizu horren kontziente izatea, konpromisoa hartzea. Bestalde, datuak ematen dizkigu, eta ikerketak egiteko balio dute.  

Euskaraldiak Sakanan “adina” du? 
Profilak mantendu egin dira. Parte hartze handiena 30 eta 44 urte artekoena izan zen (%36,8). Lehen edizioan ere hori izan zen adin tarte nagusia. 16-29 (%23,69) eta 45-59 (%24,78) adin tarteak oso antzeko. 60-74 urte artean jaitsi egiten da (%13,17). Hor arrazoi nagusia izanen da ezagutza falta. Baina ezagutzari erreparatzen badiogu espero zitekeen 16 eta 29 adin tartean parte hartze handiagoa. Hor euskaldun gehiago egonen dira 45 urtetik gorakoen artean baino. Baina lehen edizioan ere detektatu zen Euskaraldiarekin gazte jendearengana iristea pixka bat kostatu egin zitzaigula.  

Euskaraldiak generoa du?
Eragina nabarmena da. Parte hartzaile emakumezkoak %62,74 dira, gizonezkoak %36,43. Euskal Herrian ere emakumezko gehiagok eman zuten izena. Euskararen kale erabileraren neurketetan emakumezkoak gehiago erabiltzen dute. Baina aldea ez da hain nabarmena. 

Hamarretik sei emakumezkoak. Euskara feminizatuta dago? 
Ez dakit. Ez dela asko lagun bati aditu nion hipotesi gisa erabiltzen dela emakumezkoak moda berriekin lehenago bat egiten dugula. Nik sinatuko nuke hori horrela izatea, moda berria euskaraz hitz egitea izatea. Egia da leku batean baino gehiagotan detektatu dela hori. Denborak esanen du. 

Euskaraldiko berritasuna Ariguneak izan ziren. Zein balorazio Sakanan? 
Herriko establezimenduetan, elkarteetan, ikastetxeetan… ariguneak identifikatuta baldin baditugu, badakizu horra sartu eta euskaraz egin dezakezula. Lehen urtea izan da eta herrietako batzordeoi lan handia eman digu honek. Bertigoa bai, hasieran. Behin kalera aterata eta establezimenduetara joanda, entitateekin harremanetan jarrita, etorri dira emaitzak. Izen ematearen aldetik pozik egoteko modukoak: 119 entitatek eman zuten izena. Hor daude administrazioa, irakaskuntza, elkarteak, dendak, tabernak… Denetarik dago. Enpresetara ez dugu lortu iristea. Hor gabezia izan dugu. Eremu zaila zen guretako. 

Lehen rolekin aipatutakoa, hemen ere zaila egiten zait jakitea nolako sakontasunez landu den entitate bakoitzean. Hor hobetu zitekeen. Baina denbora behar da. Eta egoerak ez zuen lagundu. Aurrez aurreko bilera gehiago egin nahi genituen eta ezin izan da. Norbanakoekin aritu gara, baina gauza batzuk taldean lantzea eskatzen zuen, eta horretarako zailtasunak izan ditugu. Baina lehen urtea izateko ongi dago. 

Arigunueak gelditzeko etorri ziren?
Pentsatzen dut baietz eta ahobizi eta belarriprestekin gertatu bezala, txanda bakoitzean ahobizi gisa izena eman beharko dela. Baina aurretik izena eman duten horiekin harremana badugu. Ikusi beharko dugu nola egin dezakegun jarraipenen bat. Horri buelta bat eman behar zaio. 

Lortu zenuten herrietako batzordeak aktibatzea. 
2018an oso ongi lan egin zuten. Baina herri batzuetan ez ziren sortu, eta horietara jotzeko erronka jarri genuen. Lizarragan, Lizarragabengoa, Iturmendi eta Ziordian lortu genituen batzordeak. Eta batzordeak diogunean bizpahiru pertsonaz ari gara. Norbait izatea asko da, herri batzordeak gertutasuna ematen diolako. Garrantzitsua da herri batzordearen lana. 

Euskaraldiak herrietako euskaltzaleak aktibatu eta batzordean parte hartzeko balio izan zuen?
Zalantzak ditut alde guztietako esperientziak izan ditugulako. Herri batzuetan lortu da taldetxo bat aktibatzea eta martxan jarraitzea. Sortu eta elkartzen segitu dutenak badaude. Herriren batean talde egonkor bat, euskara elkarte bat-edo sortzeko asmoa adierazi dute. Beste batzuk, berriz, nekatu egiten dira, erre-edo. Batzuk tartean desaktibatzen dira, baina bi urte barru martxan jartzeko prest egoten dira. 

Urteetako jarduera jarraitua duen eragile euskaltzale bakarra dago gaur egun Sakanan, Irurtzungo Aizpea euskaltzaleen topagunea. Euskaltzaletasunak behera egin du? 
Bai. Zenbait herrietan Euskal Herrian Euskaraz taldeak daude. Baina, orokorrean, euskalgintza aktibo bat, euskara elkarte bat helburu duenak hizkuntzaren egoera normalizatzea, erabilera… Kostatu egiten zaigu jendeak horrekin bat egitea modu iraunkor edo aktibo batean. Zeren dela ikastetxean, dela kirol taldean… badira beste erakundeetan euskararen alde lanean ari diren norbanakoak. Baina saretu gabe, helburu hori bakarrik duen elkarte baten barruan egon gabe. Beherakada dago. 

Gauzak ongi, heldu den urtean, atzera ere, Euskaraldia? 
Hori espero dugu.