Urdalurko sarea zabaltzeko tramitazioari gobernuaren bultzada

Guaixe 2021ko eka. 10a, 11:20
Etxarrenen eta Irurtzunen ikuspegia.

Uharkatik abiatzen den ur hornidura sarea gaur egun Satrustegiraino iristen da eta Etxarrenera luzatzeko lanak eginen dira. Foru administrazioak lanak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzea premiazkoa izendatu du.

Sakanako Mankomunitatearen azken helburua da Urdalurko uharkako ura Irurtzuneraino eramatea. Gaur egun goiko ur hornidura sarea Satrustegiraino iristen da, eta eginen den lanekin Etxarrengo ur biltegiraino iritsiko dira. Lan horiek egin ahal izateko makinak hainbat jabetzatan sartu behar dute. Horregatik, Lurralde Kohesiorako Departamentuak proposatuta, Nafarroako Gobernuak erabaki du ur hornidura sarea gauzatzeak eragindako ondasunak eta eskubideak okupatzea presazkotzat jotzekoa, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Hain zuzen ere, Mank-ek Satrustegi eta Etxarren arteko zatia egiteko 509.215,85 euro inbertituko ditu.

Gaur egun Etxarren, Ekai, Zuhatzu eta Arakil Irañetako Urrunzurre iturburutik hornitzen dira. Ura tratatzeko plantarik ez dute, baina bai Urdalurko sareak. Neurri horren bidez, aipatutako herrien kontsumorako ur-hornidura bermatu nahi da, udalerri horiek foru, nazio eta Europako osasun-eskakizunak bete ditzaten, biztanleei hornitutako edateko uraren kutsadura bakteriologikoaren ondoriozko gaixotasunak saihesteko.