Ehun eta hogei zerbeza botila eta lata

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Barriola 2021ko eka. 9a, 10:30

Duela aste pare bat, larunbata zen, goizeko 07:15ak, eta Foruen Plazara ematen duen elizaren paretan dagoen harrizko exerleku luzean 120, bai 120 zerbeza botila eta lata kontatu nituen. Ez nituen kontatu lurrean zeuden zigarrokinak ezta kristalezko botila hautsiak.

Pentsatu dut hor badagoela gogoetarako auzi interesgarri bat. Eta horretan jarrita bi ikusmolde zehaztu ditut. Hemen doaz nireak:

  1. Agian, askatasun praktika bat ote da? Hala bada, esan beharra daukat ez nuela uste hainbeste jarraitzaile zituenik famatua egin den funtsgabeko filosofo madrildarrak, Ayuso izenekoak. Berak "libertad" defendatzen du eta honela definitzen du: "libertad es hacer lo que a uno le da la gana". Zerbeza lata bota, diru publikoa lapurtu, osasun publikoa hondoratu, lagunei zergak barkatu...
  2. Agian, barneratua daukate hain ohikoa den "erabili eta bota". Bai. Normal-normal egiten da hori bizitzako eremu guztietan: langilea erabili eta langabeziara edo jubilaziora bota; mugikorra erosi eta erabili, baina mugikor berriagoa, azken berritasuna etorri denez, zaharra bota; zenbat gauzak ez duten erabilera garaia aurre programatuta? Bizitza eman eta zahartzaroan "gizakien aparkamendura" eraman. Oso ohikoa.

Noski, ikusmolde gehiago egon daitezke. Aski da pentsatzea zer pasa den, oro har, emakumeen zapalkuntzarekin edota naturaren ustiaketarekin. Guk botatako ordenagailuak eta mugikorrak eta gailu elektronikoak oro har, Ghanan edo beste herrialde txirotuetako batean zabortegian amaituko dute. Eta han ibiliko dira hango haur eta gazteak, eskuz, gure zaborretatik mineral pixka bat ateratzen eta oso azkar gaixotzen, eta horietako asko 25 urterako hiltzen.