Txirrindularitza

Mikel Uncillaren podiuma Seguran eta Hugo Aznarrena Huescan

Guaixe 2021ko eka. 10a, 11:40
Kadeteak Zumaiako Sarian.

Quesos Albeniz taldeko txirrindulari etxarriarra 3. izan zen junior mailako Segurako San Juan Sarian eta bere taldekide Hugo Aznarrek Huescako Anguesko erlojupekoa irabazi zuen

Larunbatean junior mailako tropela Seguran bildu zen, San Juan Sariko 83 kilometroak osatzeko prest. Ibilbide gorabeheratsuan mugimendu asko egon ziren. Nicolas Alustizak (Bellota Goierri) egindako erasoak fruitua izan zuen eta gipuzkoarra bakar bakarrik sartu zen Segurako helmugara (2:08:53) bi orduko pasako lana eta gero. 28 segundora Imanol Aceña sartu zen (Iridoi) eta 1:13ra Mikel Unzilla Aldasoro etxarriarra (Quesos Albeniz). 

Gainontzeko sakandarrek lan ona egin zuten. Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 20. sailkatu zen, Jon Erdozia (Sakana G.) 30., Aimar Tadeo (Sakana G.) 39., Unai Garro (Sakana G.) 42., Jon Koldobika Urrosolo (Sakana G.) 51., Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz) 63., Xabier Borrega (Quesos Albeniz) 73. eta Alex Lopetegi (Sakana G.) 82. 

Sari bikoitza Huescatik
Bestalde, Quesos Albeniz Burunda taldeko bi txirrindulari, Hugo Aznar eta Sergio Lopez Huescako Anguesen jokatutako Aragoiko Erlojupeko Txapelketan aritu ziren. Burundakoek sari bikoitza lortu zuten. Hugo Aznarrek lasterketa irabazi zuen, eta Sergio Lopez bigarrena izan zen, Aragoiko txapelduna. 

Kadeteak Zumaian
Kadete mailako txirrindulariek larunbatean Zumaiako Sarian (55 km) hartu zuten parte. Gama Muruzabal taldeko Raul Ostizek lortu zuen garaipena (1:25:22). Sakana Group-Aralar taldeko hiru txirrindularik osatu zuten proba. Aritz Oiarbide 23. iritsi zen, Gabriel Irurtia 33. eta Adrian Martinez 59. 

Eskolen proba Etxarri Aranatzen
Etxarri Aranatzek eskolen mailako lasterketa hartu zuen larunbatean. Gynkana eta lasterketa probak jokatu ziren, eta Sakana Group-Aralar eta Quesos Albeniz-Burunda taldeko txirrindulariak maila onean aritu ziren, makina bat sakandar podiumera igo baitziren.