Astekaria

"Aiton-amonek gerratean bizitakoa jaso dugu"

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 16a, 14:55
Ainhoa Vergara, Aiora Larraza, Maria Imaz, Irati Nuñez, Aitana Igoa eta Garoa Bergara.

Altsasu BHI Institutuan 'Sakanako Memoria Astinduz!' proiektua gauzatu dute DBH4. mailako ikasleek. 

Horietako bi taldek, ‘Eztanda’ aldizkaria eta ‘Sakanako Memoria Astinduz’ bideoa sortu dute

1. Zein irakasgaitan landu duzue ‘Sakanako Memoria Astinduz!’ proiektua?
Altsasuko Institutuko DBHko 4. mailako ikasle guztiek landu dugu, Mundu Garaikidearen Historia ikasgaian. Gerrate Zibila edo Frankismoa gaiak hartuta, testigantza bat, abesti bat, pelikula bat eta artikulu bat landu eta aztertu behar genituen; hau da, gure interesetatik abiatuz memoriaren inguruan ikertu behar genuen. Taldekako lana zen, eta hiruko taldeetan aritu gara. Eta hau guztia egiteko ikasturtean zehar ikasi eta erabili ditugun baliabideak aplikatu behar genituen. Esaterako diseinu programa, elkarrizketa edo erreportaje bat nola egin, edo bideo bat nola egin... 

2.Bi talde eskatutakoaz haratago joan zarete; zuetako talde batek Eztanda aldizkaria sortu du eta besteak ‘Sakanako Memoria Astinduz!’ bideoa egin du. 
Gure aiton-amonei soldaduskari buruz edo euren gazte garaiko kontuei buruz hitz egitea entzun izan diegu, baina askotan ez genien kasu gehiegirik egiten. Baina institutuko lan hau egiten hasi garenean eta testigantzak jasotzera eurengana jo dugunean, konturatu gara guk egun ditugun askatasun eta eskubide asko gure aiton amonek duela 60 urte ez zituztela, eta ez dela horrenbesteko denbora pasatu. Munduko edozein herritako gertakarien berri badugu, baina hemen gertatu zenaz ez dakigu. Lana egiten hasi ginen, eta ia konturatu gabe, batzuek aldizkaria sortu genuen eta besteek bideoa. 

3. ‘Eztanda’ deitzen da egin duzuen aldizkaria Garoa, Maria eta Aitana.
Aldizkariaren izena esanguratsua izatea nahi genuen, Gerra Zibila eta Frankismoa landu ditugulako. Izenarekin begi bistan ikusten da zer landuko dugun, eta hitzaren atzean dagoena gogorra dela. Izen egokia aukeratu dugula uste dugu.

4. Aldizkari oso polita sortu duzue. Materiala nondik lortu duzue?
Diseinua Canva izeneko aplikazioarekin egin dugu. Eta argazkiak eta materiala internetetik, liburuetatik, elkarrizketatuen familia artxibotik eta guk landutakoa. Esaterako, Bittori Leiza gure amiñeri egindako elkarrizketan, bera eta aitona Juan Mari Nazabal Bartzelonara eztei bidaian joan zirenean ateratako argazki bat jarri dugu, berak utzia. Lanean olerkiak eta kantuak sartu behar zirenez, batzuk jatorriz gaztelerazkoak dira, baina aipamenak eta analisiak euskaraz egin ditugu. 

5. Gu gazteak ginenean orduan gure aiton-aminei kosta egiten zitzaien Gerra Zibilaz eta Frankismoaz hitz egitea. Askotan ez zuten nahi izaten. Zuen aiton amonek nola hartu dute?
Ongi, animatu dira. 96 urteko Domingo Mundiñano osabak orain arte inoiz kontatu ez zituen bi gertakizun aipatu zizkigun, bera txikia zela, gerrate zibil garaian berak ikusitako bi hilketa. Aipatu zigun gaur egunera arte ez dituela inoiz kontatu. Txundigarria da. Juan Mari Nazabal aitonak bere amak kantatzen zion kanta bat aipatu zigun, gerrari buruzkoa. Eta Bittori amonak orduko bizimodua, lana eta beste aipatu zizkigun.

6. Aldizkaria oso polita da eta salgai dago. 
Egindako lanarekin oso kontentu geratu gara, mami asko du eta oso polita da. Esan zigutenean nahi izanez gero Institutuan saldu ahal genuela, probatu genuen. Jarri ginen, eta egun batean hainbat irakaslek erosi zuten. Lizarragan ere 40 saldu ditugu, eta hainbat tokitan ere bai. Norbaitek erosi nahi badu, bidali dezala eskaria ondoko postara: eztandaaldizkaria@gmail.com. Prezioa 2 eurokoa da. 

7. “Irakurtzea aberastea da” jartzen du aldizkariko orri guztietan.
Garrantzitsua da. Hasteko, etxetik jada esaten digute asko irakurtzeko, asko ikasten dela. Bestetik, egunero irudi eta bideo ugari jaso eta ikusten ditugu; gehiegizko informazioa da, eta askotan ez gara ezerekin geratzen. Denbora asko ematen dugu garrantzirik gabeko bideoak ikusten, gure herriko historia edo gure aiton amonek bizi zutena ezagutu gabe. Eta irakurtzeari eta ahalako lanei esker gauza asko ikas ditzakegu, aberasten gara. 

8. Bestalde, ‘Sakanako Memoria Astinduz’ du izena egin duzuen bideoak Aiora, Irati eta Ainhoa. Zer kontatzen du?
Batetik, Catalina Quintana amona eta Pedro Miguel Quintana osaba elkarrizketatu ditugu. Gerra Garaian nola bizi ziren kontatzen dute. Oso txikiak ziren, baina garai hura ezagutu zuten. Bestetik, Lakuntzako Udalak bere “Lakuntzatik Lakuntzara” artxibotik zenbait audio utzi zizkigun. Isidoro Arregi, Rosario Andueza eta Juan Lanzi egindako elkarrizketak dira. Juan gerrako frontean egon zen 38tik 43ra. Fronteko eta orduko Lakuntzako bizipenak kontatzen dituzte, eta bideoan txertatu genituen. Hau da, testigantza ezberdinekin muntaia egin dugu 7 minutuko bideoan. Azpititularrak jarri ditugu, musika, edizio lana egin dugu eta polita gelditu da. Aparte, irakasleari artikuluekin, abestiekin eta olerkiekin osatutako lana aurkeztu genion, bideoan soilik testigantzak sartu ditugulako. 

9. Garai haiek tristeak izan ziren beraiendako?
Gehienek urte tristeak izan zirela esaten dute, baina agian adinaren araberakoa izan daiteke. Gure amona Catalinak 2 urte zituen eta kontatzen du hegazkinak pasatzen zirela eta berak pentsatzen zuela hegazkinak zein politak ziren. Aldiz, Pedro Miguel bere anaiak 9 urte zituen eta esaten zuen gerra garaian dena oso tristea zela. Testigantza gehienetan, bai bideoan eta bai aldizkarian, arrazionamendua aipatzen dute, elikagai falta, txikitatik lan gogorra egin beharra eta beste. Gure amonak, esaterako, taloak ez ditu ikusi ere egin nahi. 

10. Egindako bideoarekin pozik zaudete? Eta elkarrizketatutakoak?
Bideoarekin kontentu gaude, asko ikasi dugulako, eta amonak eta osabak ere bideoa ikusi dute eta oso pozik daude. Irakasleak 10eko nota jarri digu eta agian horregatik ere daude kontentu (kar, kar…). Eta liburuko elkarrizketatuak ere pozik gaude. Lehengusu batek aurretik elkarrizketa bat egin zion osaba Domingori, eta 9,3ko nota jarri ziotela esan zigun osabak. Duela bi asteburu berarengana joan ginen esatera 10eko nota jarri digutela eta nolako poza hartu zuen! Harro harro zegoen (kar, kar…). 

11. Honekin guztiarekin zer ikasi duzue?
Ez da edozein lan izan; gure aiton-amiñei buruzko lana da. Hori, zerbait bada. Gure nagusiek Gerrate Zibila eta Frankismoa bizi izan zuten, eta hari lotutako guztia. Egun guretzat ohikoak diren eskubideak beraiek ez zituzten izan; irakurtzen eta idazten justu-justu ikasi eta berehala lanean hasi behar izan zuten, eta gorriak pasa zituzten. Gu, aldiz, institutura goaz ikastera, bueltan etxean janaria dugu zain, eta ongi bizi gara. Zerbait erreala landu dugu, gureek bizi izan zutena, eta gauza errealekin gehiago ikasten da.