Euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena

Guaixe 2021ko eka. 16a, 12:00

Dokumentalaren emanaldiaren ondoren Euskaraldiaz hizketatu ziren joan den asteazkenean.

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaleen Topaguneak lankidetza hitzarmena berritu dute ‘Euskarak 365 egun’ lelopean Foru Komunitatean euskararen erabilera soziala sustatu nahi du.

Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Oskar Zapata Euskaltzaleen Topagunea elkarteko zuzendariak Nafarroan 2021 Euskaraldia Euskarak 365 egun izeneko kolaborazio hitzarmena berritu zuten apirilean. Bi erakundeen eskutik sortutako ekimenaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eta bere erabileraren aldeko jarrerak aktibatzea, bereziki herritarren hizkuntza ohiturak kontuan hartuta. Hitzarmena 130.000 eurorekin hornituta dago, zein bideratuko diren programa koordinatu eta barreiatzera, sustapen eta sentsibilizazio jardueretara, jendaurreko ekintzetara, hala nola entitatetan eta udalerritan bere sustapena egitera.

Aurreikusitako jardueren artean dago Iñaki Alforja Sagonek zuzendutako eta apirilaren 15ean Iruñean mustutako Biziprest. Gehiago gara dokumentala uda bitartean Nafarroan barna ematea. Ikus-entzunezkoan euskarak pizten dituen sentimenduak erakusten dira Nafarroako dibertsitatea islatzen duten lau pertsonen bizipenen bitartez. Haren emanaldia Altsasuko Gure Etxea eraikinak hartu zuen aureko asteazkenean eta 20 euskaltzale bildu zituen. Bestalde, erdaldunei zuzendutako euskararen erabilera sustatzeko sentsibilizazio tailerrak eginen dira maiatza eta garagarrilean.

Gehiago 
Udazkenarekin etorriko da Euskaraldiaren 2021-2022 edizioari begirako aktibazioa. Izan ere, Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak jardunaldiak lastailaren 14an eginen dira. Nafarroan gero eta herritar gehiago euskararen biziberritze prozesuarekiko enpatikoa edo solidarioa izateko diskurtsoaz, praktikaz eta bestelako baliabideaz gogoetatzea dute helburu jardunaldiok. 

Azaroak 12ren inguruan eginen da Iruñean ekitaldi zentrala. Sinatzaileek aurreratu dutenez, ekimen ludiko bat izanen da, Nafarroan euskararen erabilera sustatzen aritzeko gogoz diren guztiak elkartzeko eta haren ondotik etorriko da, azaroa akabera-abendua bitartean, aktibaziorako dinamika sozial bat, Nafarroan herriz-herri eginen dena. 

Hirugarren Euskaraldia 

Belarriprest eta ahobizi rolak hartuta, euskararen erabilera handitzeko makina bat euskal herritarrek ariketa sozialetan parte hartu dute. Azken edizioaren berritasuna izan zen une oro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten eremuen sorrera eta identifikazioa, sektore, tamaina eta ezaugarri mota guztietako makina bat entitateen atxiki ziren.