Udarako turismo informatzailea kontratatuko da

Guaixe 2021ko eka. 14a, 09:29
Bisitariei informazioa ematen. ARTXIBOA

Aralarko santutegi ondoan egonen den informazio gunearen ardura izanen du gariletik irailera. Hilaren 16ra arte eman daiteke izena oposizio lehiaketan parte hartzeko.

Pandemia zela eta, joan den urtean ez zen turismo informazio bulegorik jarri Aralarko santutegi ondoan. Urte bateko etenaren ondoren, aurten bisitariei harrera eginen dien langile bat izanen da. Plazaola turismo partzuergoak eta Sakanako Mankomunitateak urtero txandaka hartzen dute informazio gunearen ardura eta partzuergoak Larraungo Udalaren bidez arreta eta informazioa emateko pertsona bat oposizio-lehiaketa deialdia egin du. 

Deialdian interesa duten pertsonak langabeak izan beharko dute eta Nafar Lansaren lan eskatzaile gisa izena emana izan beharko dute. Euskara (EGA edo baliokidea) eta ingelesa (B1 edo baliokidea)  jakin beharko dituzte, gida baimena eta autoa izan beharko dituzte. Eskabideak eta deialdiari dagozkion agiriak hilaren 16ko 15:00ak arte aurkeztu daitezke Larraungo udaletxean. 

Aukeratutako langileak inguruko erabilera publikoari (jarduerak, ingurune naturala, zerbitzuak, etab.), inguruneko jardunbide egokiei eta inguruneaz gozatzeko gomendioei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkuak eman beharko ditu, inork natura-, kultura-, paisaia- eta ingurumen-balioak arriskuan jar ez ditzan. Horrekin batera, mendiaren eta bere inguruneko (Sakana eta Plazaola eskualdea) turismo eskaintzaren berri emanen du eta bisitarien inguruko datu bilketa egin beharko du. Nafar Lansarek lanpostu horren sorrera diruz lagunduko du.