Sakanan toki politak? Aukeran

Guaixe 2021ko eka. 14a, 13:59

Maite Miguel Mintzakide lehiaketako sariarekin. Argazkia. Sakanako Mintzakide

Sakanako Mintzakidek ibarreko tokirik politena zein den jakiteko lehiaketa Maite Miguelek irabazi du.

Ibarreko gogoko tokiaren berri ematea eta, horretarako, argazkia eta azalpena zuen audioa edo tokiaren bideoa eta azalpena bidali behar zuten parte hartzaileek. Sakanako Mintzakideren gonbidapena bederatzi sakandarrek hartu zuten eta haien iritziz Sakanako tokirik politenak honakoak dira:

Urdiaingo haurrendako parkea

Urdiaingo Laieneko haitzean dagoen Jentilen Sukaldea

Altsasuko Mendisurbe dermioa

Ziordiko udaletxe parean dagoen lixuarria

Urdiaingo plaza

Altsasu Lakelabaitxo

Iturmendi eta Urdiain arteko kamio zaharra

Altsasuko “osasun iturria”

Egiarretako Itxasperri ermita

 

Sakanako Mintzakidek zozketa bidez erabaki du ibarreko toki politena Maite Miguelek proposatutako Altsasuko Mendisurbe dermioa dela. 

Mintzakide


Euskara praktikatzea helburu duen programa bat da Mintzakide. Euskara ikasten ari direnak, euskara jakin baina erabiltzen ez dutenak hizkuntza dakien pertsona batekin elkartzen ditu. Talde txikiak izaten dira, lauzpabost lagunekoak asko jota. Eta gustuko jarduera bat eginez (kafea hartu, paseoan ibili…) euskaraz hitz egiteko, praktikatzeko, konfiantzazko gunea sortzen da. Astean behin ordu bat izaten da. Gehiagotan elkartzen denik ere bada. 

Gaur egun Irurtzunen, Arbizun, Altsasun eta Ziordian daude mintzakide taldeak. Euskaraz hitz egiteko taldeak edozein herritan sor daitezkeela gaztigatu dute hura bultzatzen duten Sakanako Mankomunitateak eta AEK-k. Interesa duenak 600 482 024 edo Mank-en Euskara Zerbitzuko 948 464 840 telefono zenbakietara hots egin dezake edo sakana_mintza@aek.eus e-posta helbidera idatzi. Sakanako Mintzakideak Facebook-eko profilean  haien jardueren berri jaso daiteke. Izen ematea musu truk da.