harrera duina

Harrera duinerako informazio trukaketa

Guaixe 2021ko eka. 15a, 14:15
Sakana Harrera Mahaiko parte hartzaileak Arruazuko plazan.

Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak beraien egitasmoak partekatu dituzte eta, bide batez, ibarreko eragileak jakinaren gainean jarri dituzte Sakanako Harrera Mahaiaren bileran. 

Sakanara bizitzera datozen pertsonei ahalik eta harrera egokiena eskaintzeko sare eraginkorra izan nahi du Sakanako Harrera Mahaiak. Horrela, Migrazioek dakartzaten errealitate aldakorrei ahalik eta hobekien zein azkarren erantzuteko eta, horretarako, behar diren baliabideak txertatuz. Aldi berean, mahaiak oztopoei aurre egiteko hausnarketa eta irtenbideen bilakaerarako gunea izan nahi du. Azkenik, sakandarrak sentsibilizatu nahi ditu bertara etorritakoei harrera duina eskaini beharraz.

Hainbat eragile dira mahaiko kide. Asteartean Arruazun 23 elkartu ziren. Bilerek beraiek elkar ezagutzeko balio dute, baita partaideek hizkera eta inklusio jarrera ezagutu, barneratu eta erabiltzeko. Hori barneratuta inklusibitatea helburu duten aukera berdintasunaren aldeko aldarrikapenerako proposamen, protokoloak eta beste martxan jartzen ditu. 

Helburu horiekin elkartu zen hirugarrenez Sakanako Harrera Mahaia Arruazuko herriaren etxeko ganboikoan asteartean. Bilera hasteko Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikari Bego Zestau Baraibarrek aurten garatzen ari diren lanen berri eman zuen. Horien artean daude: Altsasun egindako elkartasun hamabostaldia; sei udalerritan eginen diren harrera ekitaldiak; Zurrumurruen kontrako ipuin laburren II lehiaketa; Bidelagun proiektua Olatzagutian; Kulturarteko elkarbizitzaren diagnosia Altsasu institutuan hainbat eskualdeko eragileekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) gidaritzapean; Irurtzunen kulturarteko elkarbizitzaren inguruko diagnosiaren hasiera herriko hainbat eragilerekin eta NUPeko gidaritzapean eta Iñigo Aritza ikastolako DBH maila guztietan aste honetan egindako kultura aniztasuna, giza eskubideak, zurrumurruen lanketa. 

Bileran parte hartu zuten Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendaritza nagusiko Idoia Saralegi San Sebastianek eta Virginia Eraso Barriok kultura arteko elkarbizitzaren inguruko estrategiari buruzko lanketa, harrera inklusiborako planaren zirriborroa eta arrazakeria eta xenofobiaren kontrako planaren nondik norakoak azaldu zituzten. Eta Haurtzaro eta Familia ataleko Olga Chueca Chuecak, berriz, jakinarazi zuen Nafarroak Kanariar irletan zeuden migratutako 15 gazte hartu dituela “lurralde arteko elkartasunaren” barruan. Duela aste batzuk Ceutan sartutako sei gazte Nafarroan direla ere jakinarazi zuen. Hirurek gaztigatu zutenez, Nafarroan etxebizitza eskuratzeko zailtasunak daude eta zailtasun hori areagotzen dela atzerriko jatorriko gazteen kasuan. 

Galde erantzunen txandan sakandarrek epe motz-ertainerako adin txikikoen harrerarako aurreikuspenik ba ote zuten eta Sakanan zerbait aurreikusten zuten galdetu zieten. Euskararekiko ere kezka agertu zen. 

Bileran izandakoak
Sakanako Mankomunitateko lehendakaria eta kudeatzailea, Euskara eta Anitzartean zerbitzuetako teknikariak, Nafar Lansare, Sakanako Garapen Agentzia, Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Altsasuko Udaleko berdintasun teknikaria, Arakilgo, Altsasuko eta Ziordiko zinegotziak, Gurutze Gorria, Sakana Harrera Harana eta Irurtzungo eta Etxarri Aranazko osasun etxeetako ordezkariak. Nafarroako Gobernutik, berriz, Ayllu zerbitzua, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Borrokarako zuzendaria, Migratzaileak Hartzeko eta Laguntzeko Karibu Zerbitzuko zuzendaria eta Haurtzar eta Famila ataleko zuzendaritza ordea. Guztiek Anitzarteanen oroigarri bana jaso zuten.