Organikopan Etxarri Altsasuren aurretik 21-2

Guaixe 2021ko eka. 15a, 12:52
Emakumezkoa bosgarren edukiontziaren, marroiaren, ondotik pasatzen. ARTXIBOA

Nafarroako Hondakin Partzuergoak hondakinen gaikako bilketan sentsibilizatzeko lehiaketa da Organikopa.

Lehiaketaren helburua da materia organikoaren banaketa sustatzea nafarren artean eta, horrela, birziklatzen den organiko kopurua igotzea. Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak Etxarri Aranatzen eta Altsasuren arteko materia organikoaren bilketa lehia antolatu du. Hondakin bilketa sistema desberdinak dituzte bi herrietan. Zerbitzutik azaldu dutenez, Etxarri Aranatzen astelehen eta ostegunetan posteetatik bildutako gai organikoaren pisua aztertuko da astero. Altsasun, berriz, edukiontzi marroiaren bitartez jasotakoa. Maiatzaren 3tik garilaren 3ra martxan dago materia organiko gehien biltzen duen herrien arteko lehia.

Organikopa hasi zenetik, bataz beste, asteko etxarriar bakoitzaren 4,21 kilo materia organiko jaso dituzte astero (4,05; 4,15; 4,15; 4,18 eta 4,54). Altsasun, berriz, herritar bakoitzeko astero 0,41 kilo materia organiko jaso dituzte (0,40; 0,41; 0,41; 0,42 eta 0,41). Bost aste horietan etxarriar bakoitzeko 21,07 kilo materia organiko jaso ditu Mank-ek eta altsasuarren 2,05 kilo. Olatz Garde Mazkiaran hondakin teknikariak jakinarazi duenez, "bi herrietan bildutako materia organikoa kalitate onekoa da". Guzti-guztia konposta egiteko erabiliko dute UtzubarEKOgunean. 

Lehiaketako behin behineko emaitzei dagokionez, Gardek azaldu duenez, "desberdintasun handia dago parte-hartze mailagatik. Etxarriar ia %100ek bereizten du organikoa konposta edo atez ateko bilketaren bitartez. Altsasun, berriz, %26,08k bereizten du organikoa, konposta edo edukiontzi marroiaren bitartez". Horregatik, Gardek altsasuarrak organikoa bereitzera animatu ditu, "oso erraza baita eta izugarri murriztuko baitu etxeetan sortutako errefusa kopurua". Konpostagailua eskatzeko, bosgarren edukiontziko giltza eta pertza nahi dituenak, edo zalantzak argitzeko 900 730 450 doako telefonora hots egin dezakete edo info@sakana-mank.eus helbidera idatzi.

Lehiaketa bukaeran organikoaren bilketan emaitza onenak dituen herriari zerbitzuak 5.000 euroko balioa duten hainbat hiri-altzari emanen dizkio. Hiri-altzari horiek Nafarroan sortutako hondakin plastikoekin eginak dira.