Plazaolako bide berdearen ibilbide guztia ikusgai izanen da

Guaixe 2021ko eka. 16a, 12:55
Txirrindulari pare bat Plazaola bide berdeko Irurtzungo zatian.

Sarasa eta Andoain arteko 68 km-ko ibilbidearen 360 graduko irudiak Interneten ikusgai izanen dira.

Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsak, Basquetour, Plazaola turismo partzuergoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute eta haien ekimenez Plazaolako bide berdean barna birtualki bidaiatzeko aukera izanen da. Horretara, 39.500 euro bideratu dituzte. Baina proiektuaren abiapuntua  Googleren eta Ferrocarriles Españoles fundazioaren arteko akordioan dago, haren bidez bide berdeak digitalizatu eta natur gune horien sustapena egiteko. Plazaola bide berdea aukeratu dute digitalizaziorako proiektu pilotu gisa, kontsolidatutako bidea delako, zerbitzuak dituelako, luzeragatik eta paisaiaren edertasunagatik. 

Horregatik, Kaptura ekoiztetxeko Ander Zugazak atzo 68 km-ak mendi bizikleta elektrikoarekin egin zituen. Motxilan  360 gradutan irudiak hartzen zituen kamera zeraman eta horrela ibilbide guztia grabatu zuen.  Irudi horiek Google Maps eta Google Street Viewra igoko ditu mundu guztiaren eskura uzteko eta, bide batez, bide berdearen sustapenean laguntzeko. Plazaolako ibilbidearen 9,5 km Arakilen eta Irurtzunen.