Hondakinen kudeaketari buruzko ikasgaia

Guaixe 2021ko eka. 17a, 11:00

Ikasleak bizikletan joan ziren bisitan. Argazkiak: Hondakin Zerbitzia.

Ikasturte akabera eta Ingurumenaren Nazioarteko Eguna (garagarrilak 5) zela eta, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko hezitzaileek egiten duten lanaren berri eman diete ikasleei.

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak Arbizun duen azpiegitura orain arte zabortegi edo hondakindegi izenekin ezagutu dugu. Baina azpiegiturari UtzubarEKOgunea izena eman diote, “dagoeneko gunea ez delako hondakindegia bakarrik. Gaur egun hondakin asko zabortegi batean lurperatu ez daitezen, materialak gaika sailkatzen dira ondoren lehengai hori berrerabiltzeko. Horretarako, hainbat bide daude”.  

Hara joan ziren bizikletaz Lakuntzako eskolako 50 ikasle, 3. eta 4. mailakoak hilaren8an eta 5. eta 6. mailakoak ostiralean. UtzubarEKOgunea bertatik bertara ezagutu zuten eta Hondakin Zerbitzuko hezitzaileek han egiten den lanaz esandakoa adi-adi entzun zuten. Ikasleek ikusi zuten Mank-ek zein lan egiten duen hondakin bakoitzak bere bidea egin dezan. Baina, hezitzaileak gaztigatu zuenez, “bide hori gu guztion etxeetan hasten da,  ahalik eta hondakin gutxien sortzen, hondakin mota bakoitza ongi bereiziz eta dagokion lekuan utziz”. 

Bisitan ikasleek UtzubarEKOguneko hondakinen transferentzi gunean (errefusa Tuterako El Culebrete hondakindegira eta ontzi arinak Azkoiengo sailkatze plantara eramateko), konpost planta (ibarreko materia organikoa konpost bihurtzen duena), garbigunea (pilak, tresna elektrikoak, tonerrak, bateriak, pintura, motor olioa, erradiografiak, fitosanitarioak, obra txikietako hondakinak eta abar jasotzen dute), tamaina handiko hondakinak (jostailuak, arropa, altzariak, oheak eta abar), industria hondakinen hondakindegia (silo plastikoa, egurra, plastiko gogorra, PVC eta txatarra) eta biltegia daude gaur egun. Herriz herri dabilen garbigune mugikorrean jasotakoak Arbizun bukatzen duela ere jakin zuten. 

Altsasu 
Mank-ek Altsasuko Pilotajuaku dermioan garbigunea du eta hura ezagutzera joan ziren Iñigo Aritza ikastolako DBH-ko 1., 2. eta 3. mailako ikasleak hilaren 10ean eta atzo 4. mailakoen txanda izanen da. Ikastolako ikasleek bisita horren bitartez jakin zuten Altsasuko edukiontzien ondoan ez dela tamaina handiko hondakinik utzi behar (sofak, koltxoiak, hozkailuak,…) garbigunera eraman behar direlako. Gauza bera egin behar dute etxean sortzen diren eta arriskua duten hondakinekin (pilak, pintura, motor olioa, tresna elektrikoak, bateriak, gasolioa, izotz-kontrakoa, fitosanitarioak, eta abar) eta berrerabil daitezkeen gauzekin: arropa, jostailuak, gauza txikiak, bestelakoak. Azkeneko horiek Emauseko Trapuketariek eramaten dituzte egokitu eta berrerabilpena sustatzeko.