Osasunbidearen immunizazio-estrategiaren arabera, biztanleriaren txertaketak aurrera jarraitzen du eta aste honetan 43.790 dosi emanen ditu COVID-19 gaixotasunaren kontrako txertaketa kanpainaren barruan. Horietako 1.405 txerto altsasuarrek, olaztiarrek eta ziordiarrek jaso dituzte. Herenegun 45 eta 49 urte arteko burundarrek lehen txertoa jaso zuten eta atzo, berriz, 50 eta 54 urte arteko 749 izan ziren txertatu zirenak.
Bestalde, heldu den astelehenean Irurtzungo kiroldegian 50 eta 59 urte arteko 1.100 pertsonak jasoko dute COVID-19aren kontrako bigarren txertoa. Asteartean, berriz, Etxarri Aranazko frontoian Lakuntza eta Urdiain bitarteko adin bereko 697 sakandarrek bigarren txertoa hartuko dute. Bi osasun eskualde horietan heldu den ostiralean jasoko dute lehen dosia 40 eta 49 urtekoek.
Azkenik, hilaren hasieratik herenegun arte Sakanan 40 positibo zenbatu dituzte: Uharte Arakilen 17, Altsasun 10, Etxarri Aranatz 6, Lakuntzan 5, eta bana Bakaikun eta Olatzagutian.