Pilota

Irurtzun Txapelketak Unai Lasoren maila berretsi zuen

Guaixe 2021ko eka. 14a, 11:00
Sari ematea eta gero talde argazkia atera zuten finalistek, txapelketako antolatzaile eta sustatzaileekin. Argazkia: Irurtzun Pilota Kluba.

Emakumezkoetan Salsamendik eta Arratek jantzi zuten txapela, gizonezkoen bigarren mailakoan Oskozek eta Santamariak –Aingeru De la Fuente lesionatu egin zen–, eta Lehen mailan Lasok eta Minak sekulako erakustaldia egin zuten

Ekainaren 5ean 39. Irurtzun Pilota Txapelketako final handiak hartu zituen Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak. Jendea poliki bildu zen frontoira –200 ikuslerendako aforoa zegoen–, eta giro polita izan zen. 

Txapelketa apirilaren 5ean hasi zen. Emakumezkoen mailan 4 bikotek hartu zuten parte, gizonezkoen seniorren lehenmailan 12 bikotek eta gizonezkoen bigarren mailan 9 bikotek, Nafarroako afizionatuen mailako pilotaririk onenak. “Txapelketa oso polita eta borrokatua izan da, afizionatuen mailako pilotari nafar onenak aritu direlako. Txapelketa ofizialetatik kanpo jokatu den txapelketa bakarrenetakoa izan da gurea, eta pilotariek asko eskertu dute” nabarmendu du Irurtzun klubeko presidente Miguel Beraza Loidik. Partida gehienak Irurtzunen jokatu dira, baina 5 jaialdi Labritek hartu zituen, Nafarroako Pilota Federazioarekin egindako akordioari esker. 

Txapelketan egondako maila ikusita, final estu eta borrokatuak espero ziren, eta hein handi batean hala izan zen. Lehendabizi emakumezkoen finala jokatu zen. Laia Salsamendik eta Arrate Bergarak partida ikusgarria egin zuten eta 11 tantotan utzi zituzten Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendi. Laia Salsamendi nabarmendu zen gainontzekoen gainetik: sakez, gantxoz, boleaz, txokoetan dejadak eginez, horma-bikoz… sekulako tantoak egin zituen. Gaztea da eta oraindik asko du ikasteko, baina jokatzeko modu landua du, eta egun emakumezkoen pilotako zutabeetako bat da. 

Ondoren gizonezkoen bigarren mailako finalaren txanda izan zen. De la Fuentek (Buruzgain) eta Adrian Azpirozek (Irurtzun) Oberenako Oskoz eta Santamaria bikoa izan zituzten aurkari. Partida polita eta lehiatua ari zen izaten, gogorra, baina markagailuan 14nako berdinketa zegoenean De la Fuente lesionatu egin zen, ezkerraldeko sorbaldan kolpea hartu eta gero, eta partida utzi behar izan zuen. Oskozek eta Santamariak jantzi zituzten txapelak, inork nahi ez duen moduan. 

Unai Laso, koxka bat gorago
Azkenik, gizonezkoen lehenmailako finalean txapelketan barna ikusi dena berretsi zen: Unai Laso gainontzekoak baino maila gorenagoan dagoela. 2020an Baikorekin bere kontratua berritzeko ez zen adostasunera heldu eta 2020an taldea utzi zuen Biskarreteko pilotariak. Tartean, Baikoko pilotarien greba gertatu zen, eta berriki jakin da Baikok eskaintza egin diola eta ekainaren 25etik aurrera Laso Bilboko enpresan hasiko da. Tarte honetan afizionatuen mailan aritu da, eta jaun eta jabe izan da, Irurtzungo Txapelketan argi eta garbi geratu zen bezala. 

Irurtzungo Txapelketan Minarekin batera aritu zen Laso, eta Antso eta Gil izan zituzten arerio, txapelketa honetan sorpresa eman duen bikotea. Laso eta Mina ziren faboritoak eta hasieratik hartu zuten aginte makila, baina orain arte emandako maila ikusita, gehiago espero zen Antsoz eta Gilez. Nolanahi ere, Lasok eta Minak ikusgarri jokatu zuten eta 22 eta 9 irabazi zieten Enaitz Antsori eta Koldo Gili eta Irurtzun Txapelketako merezitako txapeldunak dira. Ikusgarriak izan ziren Lasoren erremateak. Afizionatuetan jokatu dituen 24 partidak irabazi ditu, 23 buruz buru, eta bat lau eta erdian. 

39. Irurtzun Pilota Txapelketa. Finalak

  • Emakumeak
    • Andrea Aldaregia - Olatz Ruiz de Larramendi  11
      Laia Salsamendi - Arrate Bergara 22
  • Gizonezkoak
    • Bigarren maila
      • De la Fuente (Buruzgain) - Azpiroz (Irurtzun) 14 (De la Fuente lesionatuta)
        Oskoz - Santamaria (Oberena) 14
    • Lehen maila
      • Laso (Uharte)-Mina (Paz Ziganda) 22
        Antso (Burlata)-Gil (Esteribar) 9