Duela bost urte inguru haien herrietako bertso eskolan hasi ziren. Aurretik ikastolan bertsolaritza saioak ematen zituzten, bertso irakasle bat ikastolara joaten zelako. Gustatu zitzaien, eta jarraitzea erabaki zuten. Orain arte. Aurten lehenengo aldiz Lesakan jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan parte hartu zuten Altsasuko Iraia Agirre Azkaratek, Larraitz Goikoetxea Zuriarrainek, Etxarri Aranazko Harriet Artieda Diezek eta Bakaikuko Oinatz Zelaia Gorrotxategik. Olatz Bados Ganuza altsasuarraren bigarren aldia zen lehiaketan. Artiedak eta Agirrek aurreko edizioan parte hartu behar zuten, baina konfinamenduaren ondoren izan zen "eta ez nengoen prest. Aurreragorako uztea erabaki nuen", Agirrek azaldu duenez. Artieda: "Justu COVID-a iritsi zen eta prestatu gabe nengoen. Azkenean, ez nintzen aurkeztu. Honetara aurkezteko aukera atera zen, eta aurkeztu ginen".
Txapelketa Lesakan izan zen, maiatzaren 29an, Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren baitan. 14 eta 18 bitarteko hamaika bertsolarik parte hartu zuten. Sakandarrekin batera, Ainhoa Arrizabalaga Sanchez iruindarra, Amaiur Goñi Elortza beratarra, Beñat Astiz Isasi barañaindarra, Bittori Elizalde Soto iruindarra, Eki Mateorena Zozaia leitzarra eta Etxahun Azkarraga Fernandez etxalartarra aritu ziren. Ainhoa Larretxeak aurkeztu zuen saioa eta Aimar Sagastibeltza, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu ziren epaile lanetan. Bigarren fasean ez zen sakandarrik egon: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Etxahun Azkarraga sailkatu ziren, eta Beñat Astiz barañaindarrak irabazi zuen txapelketa.
Bertsotan
"Irakasleak animatuta parte hartu nuen. Nahiko lotsatia naiz, eta irakasleak askotan esan zidan. Gainera, besteak animatzen zirela ikusita… laguntzen du", azaldu du Goikoetxeak. Bost bertsolari gazteak txapelketaren aurretik urduri zeudela esan dute. Hala ere, "uste nuen okerragoa izango zela oso urduri jartzen naizelako. Baina gustura egon nintzen", esan du Agirrek. Artiedak, bestetik, zenbat jende egongo zela ez zekitela eta bakarrik kantatzean "presio gehiago" sentitu zuela aitortu du. "Berdin; lehenengo aldia zenez urduri nengoen, baina gero normal aritu nintzen", esan du Zelaiak. Badosen bigarren aldia zen, eta "oso gustura" egon zen. "Uste nuen okerragoa izango zela lehenengo aldian okerrago pasatu nuelako. Oholtzara igo nintzenean urduritasuna ahaztu nuen, eta bakarrik disfrutatu nuen".
Ikastolan egiten zituzten bertso eskoletan sartu zitzaien zaletasuna. Aurretik ez zuten bertsoaren munduarekiko harreman handia. Goikoetxearen eta Zelaiaren kasuan familian badituzte bertso zaletuak, baita Artiedaren anaia bertsolaritzan ibilitakoa da, baina haiek ez zuten zaletasun bezala. Badosek azaldu duen moduan, gustura aritzen ziren, eta horregatik bertso eskolan jarraitzea erabaki zuten. "Inprobisazioa da gehien bat gustatzen zaidana", esan du Artiedak. Esperientzia berri bat eta gauzak "adierazteko beste modu bat" eskaintzen diola aitortu du Agirrek.
Bertso eskolan astean ordubete bertsotan aritzen dira. Inprobisazioa lantzen dute, gehien bat. "Lau oinak edo gaia emanda inprobisatu behar dugu, edo ofizioka aritu…", azaldu du Badosek. Goikoetxea: "Azkenaldian gehiago inprobisatu dugu Eskolartekora joan behar ginelako, eta ariketa horiek lantzeko". Lagunarteko bat dela esan du Agirrek, "ez da klasean bezala teoria sartzen dela". Azken aldian ere doinuak landu dituzte, lehiaketan doinu gehiago jakiteko. Lesakako oholtzara igo aurretik "bakarrik gure artean abesten genuen", azaldu du Badosek. Baina lagunekin joateak laguntzen duela aitortu du Goikoetxeak. Artiedak kontatu duenez, bertso eskolan mikrofonoaren plantak egiten dituen aulki bat jartzen dute, oholtzarendako entseatzeko bezala.
Bertsolaritza
Bertsotan hasi direnean hasi dira ere bertsoaren munduarekin harremana izaten. Bados: "Nik badut lagun bat bertsotan aritzen dena eta bere esperientzia kontatzen zidan. Hortik aurrera hasi nintzen begiratzen eta ezagutzen". Goikoetxearen kasuan orain hasi da bertsolariak ezagutzen, "bertsotan nabilelako". Artiedak ere "orain dela gutxira arte" ez zuen ezagutzen bertsolaritzatik "gauza handirik. Orain hasi naiz bertsolariak ezagutzen, doinuak eta abar".
Sasoi onean ikusten dute gazteek bertsolaritza, behintzat, pentsatutako baino hobe. "Gazte asko dago orain. Eskolartekoan esan zuten uste zutela beherakada egon behar zela, baina guztiz kontrakoa gertatzen ari dela", azaldu du Goikoetxeak. "Orain Altsasun bertso eskolan jende pila bat dago. Guk hasi genuen bertso eskola, nolabait esateko. Hamar hasi ginen eta hiruk bukatu dugu. Baina bertso eskola gehiago sortu dira". Zerbait mugitzen ari dela esan du Badosek. Garai berrietara egokitzen ari dira. Artieda: "Gaiak jartzen dituztenean nabaritzen da ari direla". Estaerako, Eskolartekoan ikastolan asko "zentratu" ziren, baita mugikorren gaia landu behar izan zuten ere.
Errimak egiten eta inprobisatzen ez ezik, bertso eskolak zertxobait gehiago irakasten die ere. Badosek esan duenez, "ni hasi naiz bertsotan nire bizitza kontatzen eta barrenak husten". Zelaiak bertsolaritzan ematen den errespetuaz hitz egin du, baita jendearekin sortzen den harreman polita aipatu du Goikoetxeak ere.
Momentuz bertsolaritza zaletasun bat bezala ikusten dute bost sakandar gazteek. Bertso eskolan jarraituko dute, eta aukera sortzen bada, lehiaketetara aurkeztuko dira.