Kafea hartzera bildu den lagun talde bat txertoei buruz ari da hizketan. Haietako gehienek adinagatik txertoaren lehenengo dosia hartua dute, bakarren batek oraindik hartu gabe dauka, gazteagoa delako eta kasu honetan txertoaren kontrakoa delako (ez dakigu zer eginen duen txanda iristen zaionean). Beste batek esana du oraindik ez duela hartuko, badaezpada, har dezatela besteek lehenago. Goazen ba ikustera!
Lehenengoak jarrera ukatzailea defendatzen du, jakinduria handia duela argudiatuz eta gainerakoak inuzente samarrak iruditzen zaizkio eta engainatuak daudela esaten die. Esan gabe doa, lagun honek jakinduria Interneten-edo aurkitutako artikulu pare bat irakurri ondoren eskuratu duela, (iturriak aztertu ote dituen ez dago garbi, baina ez du ematen, beraz, iturrien fidagarritasunari buruz ezer gutxi). Artikulu horiek diotena diskurtso koherentean buruz eta hitz teknikoekin esateko gai da eta halaxe bota die kafekideei. Gainerakoak aho zabalik daude, aho txuloari begira, dedio ze ongi hitz egiten duen! esanez, bere baitan. Ba nengoen ba ni! pentsatu du beste batek. Eta guztiek zenbat dakien esanen lukete ezagutuko ez balute, baina elkarren artean, honezkero, nahiko ezagunak direnez, adarra jotzen diote: hi esanzan/k berriro hitzez hitz esandako guztia! Lagun honek, nonbait, itsu-itsuan sinistu du irakurritakoa, nahiz eta, ustez, bere burua iritzi kritikoa duen pertsonatzat izan, eta dakien apurrarekin txertoak txarrak direla eta genetika aldatzen dutela garbi izan.
Bigarrengoak, mundu guztia baino azkarragoa denak, (horren jokamoldea ere ezaguna da inguruan), txertoa jartzeko asmoa dauka, baina, badaezpada, besteen atzetik paratuko duela adierazi du, eta besteei zer gertatu zaien ikusi ondoren, (apika, txertoen emaitzak zeintzuk diren jakiteko gai da edo ziur dago tartean ez duela gaitza hartuko eta gaizki pasatuko, batek daki!). Horren pentsamendua honelakoa da: uuuuuuhh, auskalo zer sartuko diguten, lehenengo beste batzuekin proba dezatela, eta gero behar baldin bada txertatuko naiz ni. Kafekideek aprobetxategitzat eta berekoitzat daukate pertsona hori, besteek egindako lanaren edo jasandako albo ondorioen emaitzak aprobetxatu nahi dituelako, baina arriskurik hartu gabe.
Bi jokamoldeak zilegiak dira, baina, halaxe kontuk!!