2020ko abuztuaren lehenengo ostiralerako kolaborazioa idatzi nuenean, ez nuen uste 2021eko uda bezperan pandemia giroan idatzi beharko nukeenik, baina horrela gertatu da. Egia da argi izpi batzuk ikusten direla. Baikorrenentzat, egunsenti eder baten ezaugarri izango dira, fidagaitzentzat, eguraldiaren ezegonkortasunaren iragarpena. Norberak, izatearen arabera, ulertuko du errealitatea.
Hasiera hasieratik jubilatuekin grinatu zen pandemia eta emaitza penagarriak jasan behar izan genituen, sufrimendua, bakardadea, heriotza… Argisentirik gabeko gaua. Gaur egun, txertoari esker eta zintzo jokatuz, badirudi arriskua saihesten ari garela; zenbakiek hori diote. Argiari eta biziari zirrikitu bat irekitzeko aukera utzi digute. Beraz, aurrera begiratu eta pandemiak utzi dizkigun gabeziak salatu eta zuzentzeari ekin beharko diogu.
Osasungintzan, zahar etxeetan, zerbitzu publikoetan, politika pribatizatzaileak izan duten eragina nabarmena izan da. Zahar etxe publikoen aldarrikapena aspalditik dator: berri kezkagarriak genituen: langile kopuru motza, arreta eskasa,soldata murritzak, ratio zabalak... Pandemiak azaleratu ditu gabezi hauek. Politika pribatizatzaileak ez du bermatzen gizartearen ongizatea, gure ongizatea, duintasunez bizitzeko eta hiltzeko eskubidea.
Pozgarria, egoera honetan, jubilatuok zailtasun guztien gainetik elkartasuna eta borrokari eusteko gai izan garela. Nola edo hala moldatu gara elkartzeko, errealitatea aztertzeko, kalera ateratzeko, bizirik gaude eta gerra ematen jarraituko dugu. Maiatzaren 29an egin ziren manifestazioak guzti
honen adibide garbiak. Behartuak gaude.
Gure eskubideak bermatu behar lituzketenak ez dira geldirik egon. Toledoko hitzarmenak piztu zizkigun argi izpiak itzaltzen ari zaizkigu. Escriva jaunak barneratu ditu Europak exijitzen dizkion murrizketak eta gure eskariak kolokan daude. Udazken beroa iragartzen dugu eta gure borrokak ez du oporrik hartuko. Jubilatuon bizi duina arriskuan dago.