Pilota / Paleta Goma

Nafarroako Emakume Master Cup: azken txanpa Uharte Arakilen

Guaixe 2021ko eka. 18a, 11:24

Nafarroako Emakume Master Cup Pilota Mistoko finalerdiak jokatuko dira igandean Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekuan, 11:00etatik aurrera. 17:00etatik aurrera, Pilota Goxuko gazteen eta seniorren mailako finalak eta Paleta Gomako gazteen eta bigarren mailako finalak jokatuko dira

Uharte Arakilek igande pilotazalea bizitzeko aukera eskainiko du. Nafarroako Emakume Master Cup Torneoetako partidak jokatuko dira etzi, hiru modalitateetan: pilota mistoa, pilota goxua eta paleta goma. Horrela, hiru modalitateetako pilotari eta palista onenak egingo dute topo igandean, emakumeen pilota ikuskizun paregabea izan nahi duenean. 

Uharte Arakilgo Udalak joan den urtean erremontea sustatu nahi izan zuen eta Nafarroako Erremonte  Txapelketako jardunaldia ekarri zuen herrira. Aurten, aldiz, emakumezkoen pilotaren eta paleta gomaren aldeko apustua egin dute. Udaletik adierazi dutenez, Emakume Master Cupetik eurekin harremanetan jarri eta ekimenaren berri izan zutenean, aurten emakumezkoen pilota sustatzeko ahalegina egitea erabaki zuten. Horrela, 3.000 euroko ekarpena egin dute, eta, trukean, emakumezko pilotari eta palista onenak zuzenean ikusteko aukera eta emakumezkoen pilota sustatzeko aukera izango da. Egun osoko pilota festa izanen da eta sarrera dohainik izanen da. “Kirol eta Gazteria Institutuarekin harremanetan jarrita, pilotalekuan 200 pertsonendako aforoa izanen dugula adierazi digute. Sarrera dohainik izango da eta antolakuntzatik pilotazaleen sartu-irteera kontrolatuko da, eskatutako osasun arauak betetzeko” azaldu dute Uharte Arakilgo Udaletik, jaialdi “oso erakargarria! Izango dela gaineratuta. 

Pilotari onenak finalerako txartelaren bila
Emakume Master Cup izeneko hiru txapelketako partidak jokatuko dira Uharte Arakilen. Igande goizean, goizeko 11:00etatik aurrera, Nafarroako Emakume Master Cup Pilota Misto Torneoko finalerdiak egonen dira jokoan. Lehenengo partidan Andrea Aldaregiak eta Maite Ruiz de Larramendik Amaia Aldai eta Naroa Agirre izanen dituzte aurkari, eta bigarrenean Laia Salsamendik eta Olatz Ruiz de Larramendik Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai. Laurak momentuko pilotari onenak dira. Horren isla da, duela aste pare bat Laia Salsamendik Irurtzungo Pilota Txapelketa irabazi zuela, Arrate Bergararekin bikotea osatuta, Andrea Aldaregiaren eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra. Final borrokatuan, sekulako erakustaldia egin zuen Salsamendik. Uharte Arakilen ariko diren lau bikoteek bi asteburu barru jokatuko den final handirako txartela lortzeko duten guztia emango dutenez –finala zuzenean eskainiko du ETB1ek–, goi mailako finalerdiak espero dira. Finalerdi guztiz erakargarria dira, eta pilotazaleei Uharte Arakilera hurbiltzeko deia egin diete. 

Arratsaldez, paleta gomako eta pilota goxuko finalak
Igandean bertan, baina arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Uharte Arakilen pilota festak aurrera jarraituko du. Lehenik eta behin Nafarroako Emakume Master Cup Paleta Gomako bi final jokatuko dira, gazteen mailako finala eta 2. mailakoa. Jakina denez, finalista hauek aurreko igandean Etxarri Aranatzen jokatutako finalerdi ederretatik atera ziren. Gazteen mailan Elaia Zabalzak eta Mikaela Mendiolak Irati Garzia eta Maria Eguskiza izanen dituzte aurkari, eta 1. mailakoan Enara Anituak eta Olatz Beitiak Juncal Quevedo eta Olaia Sarasibar.

Eta, azkenik, Nafarroako Emakume Master Cup Pilota Goxuako bi final jokatuko dira. Gazteen finalean, Leire Oskozek eta Erika Alvarezek Leire eta Nagore Galeano izanen dituzte aurkari eta seniorren mailako finalean Maria Escudero eta Ainhoa Zabaleta goizuetarrek Iparraldeko Ania Oronozen eta Marie Goyenetcheren kontra jokatuko dute. 

 

Nafarroako Emakume Master Cup Torneoa Uharte Arakilen

  • Igandea, 11:00
    • Nafarroako Pilota Mistoko finalerdiak
      • Amaia Aldai - Naroa Agirre
        Aldaregia-Maite Ruiz de Larramendi
      • Olatz Arrizabalaga - Gentzane Aldai
        Laia Salsamendi - Olatz Ruiz de Larramendi
  • Igandea, 17:00etatik aurrera
    • Nafarroako Paleta Goma Torneoko finalak
      • Gazteak
        Elaia Zabalza - Mikaela Mendiola
        Irati Garzia - Maria Eguskiza 
      • Bigarren maila
        Enara Anitua - Olatz Beitia
        Juncal Quevedo - Olaia Sarasibar
    • Nafarroako Pilota Goxuako finalak
      • Gazteak
        Leire Oskoz - Erika Alvarez
        Leire eta Nagore Galeano
      • Seniorrak
        Maria Escudero - Ainhoa Zabaleta
        Ania Oronoz - Marie Goyenetche