Udarekin batera bisitariak etorriko dira bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaz gozatzera. Udalerri euskaldunetara ere etorriko dira eta herri horien nortasuna egokien islatzen duena euskara da. Horren jakitun Arbizu eta Etxarri Aranatz kide dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Bertatik bertara kanpaina abiaraziko du. Haren bidez bisitariak eta bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatu dituzte.
Asmo horrekin, UEMAk hainbat baliabide prestatu ditu, bai bisitariendako, bai zerbitzu sektoreko arduradunendako eta langileendako. Horien artean daude udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak (300.000), sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. Arbizun eta Etxarri Aranatzen heldu den astean banatuko dituzte material horiek.
UEMAko arduradunek jakinarazi dutenez, “kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea giltzarria da eta, horretarako, online saioak prestatu dituzte udaren atarian UEMAk eta udalek”. Gaineratu dutenez, “bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei”. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.
Bideoa
Merkatariak eta ostalariak sentsibilizatzeko sortutako bideoan, zehazki, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak udaberrian landu duten Arnasa Gara kanpainaren baitako Euskara da gure postalik ederrena bideoa erabili dute. Izan ere, gure herriak, gure bazterrak eta gure produktuak nabarmentzen ditugu bisitariak erakartzeko, bertako elikagaiekin eta kulturarekin batera. Askotan, ordea, bertako hizkuntza alde batera uzten dute zerbitzu sektoreko hainbat profesionalek, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Horrek ez duela zentzurik jakinarazten zaie sentsibilizazio saioetan merkatariei eta ostalariei, bisitariek erantzundako galdetegien emaitzak gogoraraziz.
UEMAk denda, taberna eta jatetxeen artean banatu duen esku orria establezimenduen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatua dago. Gainera, QRaren bidez bisitariei euskara praktikatzeko oinarrizko hiztegia eskainiko diete bisitariei.