Emakume talde berria, Itaia

Guaixe 2021ko eka. 24a, 11:07

Lakuntzan martxoaren 8an egindako manifestazioa. ARTXIBOA

Larunbatean, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean bere burua aurkeztuko du emakumeen antolakunde sozialistak.

Itaia emakume taldea sortu da Sakanan, “emakume langileon babesa antolatzeko hautua” eginda. Sakanako Itaia taldeko kideek azaldu dutenez, “gaur egungo ekonomia testuinguruari erreparatuta emakume langileon zapalkuntza gainditzetik urrun, atzeraldi ekonomiko gogor baten aurrean gaude. Ekonomia krisialdiak berarekin dakarren dimentsio orokorra aztertu behar dugu; gurean, emakume langileongan izanen duen eragin sozialean jarri dugu arreta”. 

Talde sortu berritik adierazi dutenez, “emakume langileon bizi ereduaren ezaugarri da lan harreman prekarioena, instituzio burgesekiko ekonomia dependentziara kondenatuz. Familia unitatearen erreprodukzioak exijitzen dituen etxeko lanek oraindik ere gain izaten duten pisua nabaria da, eta geroz eta handiago izango da Covid-19ak azkartutako krisi kapitalistaren testuinguru honetan”. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen egoera ere hizpide dute, “konfinamenduak edota isolamendu politikek indarkeria gauzatzeko testuingurua erraztu dute”.